Segurtasun eta Bizikidetza Mahaia utzi du Elkarrekin Irunek
Ituna ez betetzea egotzi diote udal gobernuari eta ituna sinatu zenetik ez dela aurrerapausorik eman salatu dute.

“Haustura” hitza erabili du Elkarrekin Irun alderdiak Segurtasun eta Bizikidetza Mahaia utzi duela iragartzeko. Mahai honetan esertzen hasi zirenean herritarrekin batera orduko egoera aldatzeko “borondate politikoa” zegoela nabaritu zutelako izan zela oroitu dute, “baina ez da hala izan”. Horregatik, mahaia uzteko erabakia hartu dute.
Udal gobernuari egotzi diote adostutakoa ez betetzea eta hori egikaritzeko oposizioa bertan dagoela nabarmendu dute. “Udal gobernu honek denbora darama erakusten axola zaion gauza bakarra irudia dela, eta ez herritarren beneko arazoak konpontzen lan egitea”, adierazi dute.
Ituna sinatu zutenean, Elkarrekin Irunek egindako hainbat ekarpen aintzat hartu zituzten. Dena den, koalizio morearentzat garrantzitsuak ziren hainbat gai kanpoan geratu ziren, esate batera segurtasun kontseilua deszentralizatzea, herritarrak parte hartzaile aktibo gisa txertatuz. “Herritarrak parte izan gabe, udalak egin dezakeen edozein proposamen bizilagunen errealitatetik urrun geratuko da”, uste dute.
Denbora aurrera joan ahala, aurrerapausorik ez zela eman ikusi izana salatu du Elkarrekin Irunek. Alegia, mahaiak ez zuela balio itunean adostutakoa gauzatzeko eta ez dutela segurtasunari buruz hitz egiteko gune bat sortu. “Badaude hainbat kolektibo uste dutenak mahai honen parte izateak ez duela ezer bereizgarririk eta iritzi honek hausnartzera eta erabakiak hartzera bultzatu behar gaitu”, iritzi du koalizio moreak.
Ituna “gutxienekoen itun” gisa baloratu zuen sinatu zutenean Elkarrekin Irunek. baina halere, paradigma nagusia aldatzeko urrats txikiak egiten hasi behar zela sinistu zuten. Mahaia utzi dute, uste dutelako ere udal gobernuak “geldotasunetik” bustitako paper bilakatu duela ituna.
Itunean adostutakoa ez bete izana “bistakoa” dela salatu dute eta bete ez dituzten adostasunak zerrendatu dituzte. Hona hemen hitzez hitz. Lehenik, herritarren parte hartzea ez da existitzen eta egon denean, zapuztu egin da herritarren lana. Mahaiak ez du balio izan herritarren eskariak kanalizatzeko eta hori udal gobernuak nahi izan ez duelako izan da.
Bigarrenik, urte beteko epean idatzi nahi zen Segurtasunerako Plan Estrategikoa baina epe hori ia bukatu denean, ez dago plan horren arrastorik eta mahaiak ezin izan du hura eztabaidatu. Ez da erabaki gardena izan udal gobernuaren partetik eta planik gabe jarraitzera bultzatu gaitu. Ez dirudi plan hori edukiko dugunik ezta ere.
Poliziaren presentzia aregotu da gure kaleetan, baina ez da aurrekonturik zehaztu udaltzainak kontratatzeko. Azkenik, itunaren jarraipena egiteko sei hilabetero deitu behar ziguten mahai kideei eta hori ez dute bete.