Oriako jaitsieran txukun hondarribiarrak
Urteko lehen sentsazioak hartzeko abiaputua izaten da Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen jaitsiera.

Iragan larunbatean -hilak 15- jokatu zen Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen XXXI. Oriaren Traineru Jaitsiera. Arratsaldeko 16:3oean irten zen lehen llaut-a, eta 18:04ak arte 77 ontzik hartu zuten irteera, minutuko aldearekin. Urteko lehen jaitsiera izan da talde askorentzat, eta beraz, sentsazioak hartzen hasteko abiaputu egokia izaten da.
Bidasoko ordezkari bakarrak dira Hondarribia Arraun Elkarteko ontziak, eta larunbatean hiru ontzirekin bertaratu ziren: Emakumezkoen ontzia, eta gizonezkoen A eta B ontziak. Emakumezkoek 4.000 metro burutu behar izan zituzten, gizonezkoek aldiz 6.000 metro.
Emakumezkoek seigarren postuan (14:18,86) bukatu zuten jaitsiera. Hibaika (14:18,54) eta Zumaia (14:18,63) ontzien atzetik. Hori bai, hirurak zentesima eskasetara helmugaratu ziren eta beraz, pozik bukatu zuten jardunaldia.
Arraun Lagunak A taldeak sendo hasi du aurtengo lehia. 13:45,49ko denborarekin denborarik onena markatu zuten Donostiako arraunlariek. Bigarren denbora onena Oriok egin zuen (13:53,33) eta hirugarrena Tolosaldeak (14:09,74).
Gizonezkoetan, Hondarribia A taldeak lan txukuna egin zuen. Hirugarrena sailkatu ziren (20:11,24), soilik Orio A (19:46,97) eta Donostiarra A (20:00,88) taldeen atzetik. Hondarribia B taldeak, berriz, 11. bukatu zuen lehia. 21:58,15 minutu behar izan zituzten 6.000 metroak burutzeko. Lan polita burutu zuten; izan ere, Orio B taldea izan ezik, gainontzeko B ontzien aurretik izan ziren berdeak.
Emaitzak osoki ikusteko egin klik hemen.