Aparkalekua galtzea "onartezina" dela salatu du Bidasoa Lanbide Heziketak
Osasun Sailak ikastetxearekin kontsultatu gabe hartu duela erabakia salatu dute eta erabakia berrikustea eskatu diote.

Otsailaren hasieran erabaki zuen Osasun Sailak Irun zentroko anbulatorio berria Bidasoa Lanbide Heziketaren aparkalekuan eraikiko dutela eta Bidasoa Lanbide Heziketak salatu du “onartezina” dela patioa desagertzea eta erabakiaren aurka agertu dira.
Ikastetxeak salatu du erabakia haiekin kontsultatu gabe eta ondorioak aztertu gabe hartu dutela eta ikastetxearen patioa ez dela aire zabaleko “espazio huts” bat defendatu dute. Batetik, irakasleen eta ikastetxeko langileen aparkalekua da; bestetik, ikasleen aisialdirako eta osagarri diren jarduerak egiteko espazioa da.
Aparkalekua kentzeak “ondorio larriak” ekarriko ditu, irakasle eta langileen irisgarritasun arazoak ekarriz, eta ikasleen ongizatean “eragin negatiboa” izanez. Autoentzako erabiltzen dutenek alternatibak bilatzera behartuko dituztela deitoratu dute, “ingurune jada saturatu batean”. Aurreikusi duten etorkizuneko egoera honek “puntualtasunean” eragin zuzena izango duela zalantzarik ez dute.
Horren aurrean, konponbide “bideragarririk” ez dela proposatu ohartarazi dute eta ondorioz, plangintza falta egotzi diote Eusko Jaurlaritzari. Halaber, erabakia berrikustea eskatu diote.
Osasun Sailaren erabakiak ikasleen bizi kalitatea “kaltetu” egingo du. “Patio ezinbestekoa da klaseen arteko atsedenaldietarako, sozializaziorako eta osagarri diren jardueretarako”, adierazi dute. Gaineratu dute bertako ikasleek “lanaldi luzeak” eta “zorrotzak” bizi dituztela eta atseden gune ezak “zuzenean” eragingo du ikasleek osasun “fisiko” nahiz “mentalean”.
Ikastetxearen esanetan, patioa Eusko Jaurlaritzari uzteak agerian uzten du patioaren oinarrizko funtzio bat ez ikustea. Era berean, hezkuntza komunitatearekin elkarrizketarik ez dagoela argi geratu da Bidasoarentzat. “Hezkuntza eta ikasleen ongizatea lehentasun izan beharko lirateke, eta halako erabakiek ikastetxearen beharren aurrean sentsibilitate falta larria erakusten dute”, zehaztu dute.
Irungo Udalak ikastetxearen hezkuntza eskaintza handitu ahal dezan, ikastetxearen alboan dagoen berdegunea hezkuntza erabilerarako katalogatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eskaera hau Lanbide Heziketari “tokomotxoa” tokatu zaiela esatea dela salatu dute. “Estanpatxoaren iruzurra”, erantsi dute.