Tanta hotza eta auzo antolakuntza, argazki liburu batean
'Dia 1: El tiempo detenido en la Dana' argazki liburua aurkeztuko dute Erdiguneko auzo elkartean hilaren 19an. Liburua salduz lortutako dirua, hegoaldeko L'Horta eta Alcosa parkea auzoetara bideratuko dute.

Pasa den urteko urriaren 29an tanta hotzak uholde larriak eragin zituen Valentziako Autonomia Erkidegoan (Herrialde Katalanak) eta 200 pertsona baino gehiago hil ziren.
Kalte eta desastre honen aurrean herritarrak haien kabuz antolatu ziren eta hori ezagutzera emateko Dia 1: El tiempo detenido en la Dana argazki liburua aurkeztuko du Tamara Sanchezek Erdiguneko auzo elkartean, datorren hilaren 19an (asteazkena). Sanchez Parke Alcosa koordinadorako kidea da.
Saio hau Korapilatuz elkarteak antolatu du, Erdiguneko auzo elkartearekin elkarlanean. Halaber, Parke de Alcosa koordinadorarekin eta Baladre koordinadorarekin harremanetan izan dira.
Liburu honetan hondamendi naturala izan eta lehenbiziko 30 egunetan auzokideak nola antolatu ziren ikus daiteke. Liburua salduz bildutako dirua Valentziako inguruak berreraikitzeko baliatuko dute.
Kalte handienak Valentzia hiriburuko L’Horta hegoaldean izan ziren eta erakutsi nahi dutena da borondate politikoa, batzuetan, ez dagoela egoerak ezartzen dituen baldintzen mailan.
Alcosako parkea Alfafar herriko kanpoaldeko auzo bat da eta antolatzaileen esanetan, politikak bazter batean utzita duen auzoa da, “ez delako Valentzia turistikoaren parte”. Izan ere, auzo honetan familia umilak, migranteak, langileak eta pertsona prekarizatuak “nekez bizi” dira bertan, eta bien bitartean, “enpresari handien onurak zaurgarrienez aprobetxatzen dira”.
Dena den, Parke Alcosako kolektiboan koordinadorak zenbait iniziatiba gauzatzen ditu, hala nola, langabeziaren kontra, pobretzearen kontra eta auzoaren bazterketaren kontra. 40 urte daramate jardun horretan eta auzoaren beharretara adi egon dira hura berreraikitzeko.
Tanta hotzak bazterketara kondenatuta utzi du auzoa, suntsituta eta zailtasun handiekin etxebizitzak, dendak, lokalak, igogailuak eta eraikin osoak berreskuratzeko. Auzo honen kalteak gainditzeko ekimenetako bat argazki liburua izan da.