Osasun Bidasoa "pozik" agertu da Osasun Sailaren erabakiekin
Azken bileretan aldaketa "esanguratsuak" nabaritu ditu plataformak. Azken hilabetean hartutako erabakien balorazioa egin dute.

Osasun Bidasoa plataformak Osasun Sailak azken asteetan hartutako konpromisoen gaineko balorazioa egin du. Udatik hona Eusko Jaurlaritzarekin, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordearekin, Osakidetzaren zuzendari nagusiarekin, Bidasoko ESI gerentearekin eta Irun eta Hondarribiko alkateekin bilerak egin dituzte eta horietan aldaketa “esanguratsuak” nabaritu dituzte.
Puntuz puntu aletu dituzte Osasun Sailak emandako berriak. Hasteko, Bidasoa Ospitalea handitzeari buruz aritu dira, hain zuzen, ebakuntzen bloke berria eraikitzeko erabakia izan dute hizpide. Obra hauek egiteko hogei eta bat oheko ospitalizazio unitatea itxi du sailak eta zerbitzu horiek aparkalekuaren ondoko eraikin modular batera lekualdatu dituzte.
Plataformaren esanetan, irtenbide hau ez da “onena” eta lanek iraungo duten hiru urtetan “eragozpen handiak” eragingo dituela uste dute, pazienteengan, laguntzaileengan eta langileengan.
Sailak hartutako ebazpenaren karietara, ospitaleko zatirik berriena eraitsiko dute baina plataformak esan du funtzionamendu “ezin hobean” dagoela.
Ebakuntza geletan egingo dituzten lanak bukatutakoan 1.500 metro koadro gehiago izango ditu ospitaleak eta horiek ez dira “nahikoak” ospitaleak beharretarako, Bidasorako Osakidetzaren plan Zuzentzailean jaso denez. Asistentzia espazioak handitzeko beharrari dagokie metro koadro horiek.
Halaber, dagoeneko erabilgarri ez dauden hogei eta bat oheak berreskuratzeko berme falta dagoela salatu dute. “Ohe horiek beharrezkoak dira izurrite edo salbuespenezko egoeretarako erreserba gisa”, gogoratu dute.
Zalantzarik ez dute etorkizuneko kirurgia gelak egungoak baino hobeak izango direnarekin. Zerbitzua hobetuko dela nabarmendu dute, baina ohe kopurua murriztuta etorkizunean “arazoak” eduki ditzaketela ohartarazi dute. “1989an inauguratutako ospitaleak sakoneko handiagotzea eta birmoldaketa behar ditu. Gure ustez, arazoak epe luzera konpontzeko aukera galdu da, erantsitako eraikin bat eraikitzeari uko eginez”, azaldu dute. Eredu gisa jarri dute Zumarragako eta Arrasateko ospitaleak handitzeko eraikin erantsi bana eraikiko duela Osasun Sailak.
Irungo anbulatorioak
Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko lanekin 2026an hasiko direla iragarri zuen Alberto Martinez Osasun sailburuak eta erabaki horrekin “pozik” dago plataforma. Hala ere, erabakiaren berandutzea azpimarran jarri dute: “Ia 20 urteko bizilagunen eskaeren ondoren, eta 10 urte udalak eraikitzeko orubea Osakidetzaren esku utzi zuenetik etorri da baieztapena”.
Anbulatorio berria Bidasoa Lanbide Heziketaren aparkalekuan egingo dutela ere jakinarazi zuen Martinez sailburuak eta lan horiek Oinaurreko lanak hasi eta sei hilabetetara hasiko dituzte. Eraikin hau 2028 urte bukaeran edota 2029 urte hasieran inauguratzeko aurreikuspena du Eusko Jaurlaritzak.
Obrek iraun bitartean, Irun Erdiguneko barrakoiak kendu eta zerbitzu horiek Elitxuko 588 metro koadroko lokal batzuetara lekualdatzeko proposamena egina dio udalak Jaurlaritzari eta Osasun Bidasoak uste du lekualdatze hau “ezinbestekoa” dela. “Ezin baita egungo egoera 2029ra arte mantendu”, deitoratu dute.
Lehen Mailako Arretako azpiegiturak hobetu eta handiagotzeko egungo eredua “hobetu” nahi du sailak “eskuragarriagoa” eta “lagunkoiagoa” izan dadin. Hori dela eta, Osasun Sailak hainbat ekintza proposatu ditu.
Batetik, kontsulta kopurua eta horien antolamendua dimentsionatzea galdegin dute, mini ekipoetan arreta eredua ezartzeko. Eredu honekin, herritar bakoitzak erizain bat eta erreferentziako administrari bat izango luke, “elkarrekin lan egin, eta erabiltzaileak egoki batean artatzeko”, zehaztu dute.
Era berean, ospitaleko zenbait espezialista Irun eta Hondarribiko lau anbulatorioetan arreta ematera aldatzea proposatu du Osasun Bidasoak. Bestalde, Dunboako erietxea berritzeko proposamena mahai gaineratu du plataformak, hirugarren solairuko zerbitzuak handituz. Egun, hirugarren plantan osasun publikoko profesionalek egiten dute lan.
Hondarribira begira jarrita, kontsultak zabaltzeko nahia plazaratu dute, ospitaleko espezialistak bertan kokatu ahal izateko. Horretarako, gaur egun “gutxiegi” erabiltzen diren Itsasoko Gizarte Institutuaren alboko instalazio zati bat erabili daitekeela adierazi dute.
Itxaron zerrendak
Itxaron zerrenda luzeak 2022tik daudela salatzeko tartea ere hartu du plataformak. Espezialitate batzuetan egoera ez da bat ere hobetu eta beste batzuetan okerrera egin duela nabarmen seinalatu dute. “Ia ezinezkoa da urologia edo minaren klinikarako hitzordua lortzea. Itxaron zerrendak ezin dira aurreikusi, eta, batzuetan, urtebetetik gorakoak dira”.
Ekografietarako egoera ere antzekoa da plataformaren arabera. Salbuespen kasuak badaudela gaineratu dute, pazienteak zentro pribatuetara bideratzen dituztenean.
Zenbakiak ekarri dituzte. Traumatologiako itxaron zerrenda 60-90 egunekoa zen pandemia hasi aurretik, eta gaur egun, 180 eta 200 egun artekoa da. Itxaron zerrendek “etengabe” gora egin dute “paradoxikoki” eta hitzorduen eskaintza “murriztu” egin dute.
Pandemia baino lehen, Irun Erdiguneko agendan 160 hitzordu jasotzen zituzten astean. Aldiz, gaur egun, 106 hitzordu baino ez dituzte eskaintzen. “Azalpenik gabe, eskaintza, astean, 54 hitzordutan murriztu da, itxaron zerrendak gora egin duen bitartean”, salatu dute.
Itxaron zerrenda guztiak 60 egunetik gorakoak dira. Segidan irakur daitekeen taulan jaso ditu plataformak 2025eko urtarrilaren 24ko datuak.
- Traumatologia: 199 egun.
- Dermatologia: 115 egun.
- Errehabilitazioa: 103 egun.
- Otorrinolaringologia: 66 egun.
- Kolonoskopia: 68 egun.
- Gastroskopia: 66 egun.
- OTA: 63 egun.