Sortzaileen komunitatea saretzeko saiakera egiten ari da udala
Hondarribia Sormen Hiria beka berraktibatu eta, aldi berean, erakusketa gela eta estudioa izango den lokala aurkeztu du udalak.

Duela astebete (hilaren 6an) hiriko artista eta sortzaileekin bildu zen Hondarribiko Udala. 30 lagunetik gora elkartu ziren Kultur Etxean, arlo ezberdinetakoak: margolariak, ilustratzaileak, diseinatzaile grafikoak, dantzariak, idazleak… Bilera hartatik “kontent” irten zirela azaldu zuen atzo Ortzi Alonso Kultur zinegotziak: “Udalaren asmoak partekatu genizkien eta asmoa zen beren artean ezagutzea; aldi berean, ikusi nahi genuen ere zer gihar dagoen herrian, eta benetako beharra zein den”.
“Txikitik handira” joateko asmoa dutela adierazi zuen zinegotziak, eta hala berretsi zuen Goio Uriarte teknikariak: “Garrantzitsuena da pauso txikiak ematea foro horretan sortu daitezkeen elkarlanak eta bestelako sinergiak sortzeko. Hazia landatu nahi dugu, etorkizunean izango ditugun emari horiek ikusi eta elkarrekin nora joan gaitezkeen zehazteko”. Udalak hiriko sortzaileen lana tutorizatzeko asmorik ez duela argi utzi nahi izan du teknikariak, aldiz, “bidelagun” izan nahi dutela.
Horretarako zenbait urrats ematen hasi dira. Sortzaileekin lehen bilera egin eta datorren astean Hondarribia Sormen Hiria beka deialdia zabalduko dute. Oinarriak aurkezten dituztenetik hilabete izango dute, sortzaile, artista, diseinatzaile, ilustratzaile, zinemagile, komikigile, argazkilari, idazle eta abarrek, deialdira aurkezteko. Bi diru laguntza lerro zabalduko dituzte, biak ala biak 6.000 eurokoak. Maddi Carton teknikariak aurreratu duenez laguntza horiek jasotzeko ezinbesteko baldintza izango da herrian 10 urtez erroldaturik egotea.
Komunitatea saretzeko espazioa
Bekari esker garatutako zein bestelako proiektuak aurkezteko aukera eskaini nahi du udalak. Hori dela eta, atzoko egunez aurkeztu zuten Madalen lokala. Hondarribiko Udalak alokatu duen espazio berria da, sortzaile eta artistei bideratutakoa. Martxoan egingo dute haren aurkezpen ofiziala, eta hilabete batez lokalaren erabilera zehazten duen erakusketa informatiboa ipiniko dute.
Udalaren ideia urtebeteko plangintza egitea da; bakarkako lau erakusketa eta bi kolektibo egitea aurreikusi dute. Dena den, argi utzi nahi izan du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak ez dela erakusketa gela soil bat izango, aldi berean estudio antzeko lokal bat izatea nahi dutelako, egonaldi txikiak egiteko aukerarekin.
Espazio honetaz gain, Alde Zaharrean dagoen Polborina ere kultur jardueretara bideratzeko lanean ari dira.