Ligako bigarren faseari ekingo dio Biok Txingudik
Iruñeko La Unica jasoko dute etxean larunbat honetan eta zelaiaren egoera erabakigarria izango da Plaiaundikoentzat. Bestetik, Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldea lider izateko xedez irtengo da zelaira.

Biok Txingudik ligako bigarren faseari ekingo dio asteburu honetan eta Iruñeko La Unica jasoko dute Plaiaundin. Azkeneko hiru jardunaldietan “porrot sendoak” bizi izan dituzte Plaiaundikoek eta gogor egingo dute borroka larunbat honetan (16:00etan) Euskadiko maila gorenean lehiatu nahi dutelako.
Nafarrek ez dizkiete gauzak erraz utziko, haien azkeneko bi partidak irabazi baitituzte eta etxetik kanpo maila mantentzen saiatuko dira. Txingudiko prestatzaileek, Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artolak, ondo dakite eta, horregatik, buru belarri aritu dira taldea prestatzen urteko lehenengo garaipena eskuratzeko. La Unica hirugarren dago sailkapenean, 10 puntu eta bi garaipenekin eta Biok Txingudi bosgarrena da 4 punturekin, partida bat irabazi ondoren.
Pasa den asteburuko Zaisa Txingudiren partidan bezala, Plaiaundiko berdegunearen egoera erabakigarria izango da neskentzat.
Akademiako taldeak, Iruñera
Txingudiren 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Nafarroako Unibertsitateko zelaian jokatuko dute larunbatean, 11:00etan. B multzoko hirugarren postua finkatzera joango dira Nafarroako hiriburura eta goiko postuetara hurbiltzen ahaleginduko dira.
Antzeko egoera du 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak. Bigarren dira sailkapenean, lidergotik zazpi puntura eta lidertza lortzera irtengo dira zelaira, 12:30etan jokatuko dute haien norgehiagoka.