IAM pabiloirako Eusko Jaurlaritzaren babesa behar du Irungo Udalak
IAM eta Txenpereneako proiektuak babesteko konpromisoa berretsi du udalak eta plangintzarekin hasteko akordioa "ahalik eta azkarren" iristea nahi dute.

Urtarrileko osoko bilkuran mozio bat onartu zuten udalbatza osatzen duten alderdi guztiek. Denek bat egin zuten IAM pabiloia eraikitzearekin eta Plaiaundiko azpiegiturak Txenpereneara aldatzearekin eta atzo, behar hori nabarmentzeko agerraldia egin zuten. Bertan izan ziren udalbatzako ia alderdi guztiak, EH Bildu izan ezik. BAT eta Bidasoa eskubaloiko ordezkariak ere gerturatu ziren baina Txingudi Errugbik uko egin zion gonbidapenari.
IAM eraikitzeko eta Plaiaundiko azpiegiturak lekuz aldatzeko “plan estrategikoa” behar dela aitortu du Cristina Laborda alkateak. Finantzaketarako akordioak ere behar dituzte eta akordio horiek Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta udalaren artean lortu behar dituzte. Akordioa ahalik eta azkarren erdiestea nahi du Labordak.
Oraingoz, IAM eraikitzeko aldundiko Kirol departamentuaren babesa du Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzarena falta zaio. Horregatik, proiektu hau defendatu du alkateak: “Lurralderako eta herrialderako proiektua da eta ez gara ari dagokiguna baino gehiago edo gutxiago eskatzen”, argudiatu du. 2029ko Munduko Eskubaloi Txapelketa Irunen jokatuko dela baietsi du berriro.
Gorka Alvarez Irungo EAJren bozeramaileak “plan estrategikoa” behar dela berretsi du. Jaurlaritzari eta aldundiari eskatu dio Plaiaunditik Txenpereneara azpiegiturak lekualdatzeko hitzarmena berritzea. Hitzarmen honetan erakunde bakoitzak lekualdatze horren ehuneko zenbat hartu behar duen bere gain zehaztea nahi dute; Plaiaundiko padurak berrekuratzeko plana bertan jasotzea nahi dute baita ere.
Txenpereneako planari buruz azaldu du Alvarezek errugbirako eta atletismorako egokitutako azpiegiturak eraiki behar dituztela. “Ideia egon badago eta partekatzen dugun proiektua garatu egin behar da, eta onurak, gastuak, finantziazioa eta mantenua aztertu behar ditugu orain”, erantsi du.
Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendari eta kudeatzaileak klubaren erreferentzialtasuna nabarmendu nahi izan du bere hitzaurrea hasteko. Guztira, 300 atleta dira klubaren parte eta Euskadiko atletismo taldeen artean federatu gehien dituen taldea da, 230 baino gehiagorekin.
Pisten lekualdatzea “presazkoa” da Muñozen hitzetan eta 31 urte daramatela behin behineko egoeran deitoratu du. “1993tik hamar leku ezberdin proposatu dituzue eta ez duzue bat berarekin asmatu”, salatu du. Gogoratu du euria egiten duenean ez dela bat ere atsegina Plaiaundira joatea: “Sarbidea zaila da, puntu beltzak ditu, ez dago estalperik.. honek guztiak egunerokotasuna zailtzen digu”. Gaineratu du modalitate konkretu batzuk praktikatzeko Donostiara joan behar dutela taldekide batzuek.
Gurutz Aginagalde Bidasoa eskubaloiko zuzendariarentzat atzoko agerraldiarekin batasuna erakutsi zuten. IAM eraikitzeak, azken urteetan Bidasoak bizi duen hazkuntzari erantzungo dio baina ez hori bakarrik, “txapelketa ezberdinak jokatzeko exijentziak ditugu mahai gainean eta etorkizun motzean aurre egin beharko diegu”.
Hutsuneak agerraldian
EH Bildu ez zen atzoko agerraldian izan, uste baitute ez dela “argazkietarako” unea baizik eta “lanerako” unea. Proiektu hau egikaritzea “premiazkoa” dela azaldu dute eta bi alderdiei eskatu diote Plaiaunditik Txenpereneara azpiegiturak lekualdatzeko plangintza publiko egitea. Halaber, IAM proiektua zertan datzan argitzea galdegin diote EAJri eta PSE-EEri.
Txenpereneako proiektuaren eta IAM pabiloiaren “ardura zuzena” PSE-EE eta EAJrena uste du koalizio abertzaleak eta udal gobernuaren lehentasunen artean egon behar dutela plan hauek adierazi dute. “Horretarako ezinbestekoa da elkarrekin gobernatzen dituzten goragoko instituzioetan Irunen aldeko apustu garbia egitea”, gaineratu dute.
Jeltzaleek eta sozialistek eginbeharreko inbertsioen “lanketa politikoa” egin behar dutela uste dute abertzaleek, “horrek bermatuko baitu Irunen premiazkoak diren proiektu hauen bideragarritasuna” adierazi dute.
Azkenik, BATen, Bidasoa eskubaloiaren eta Txingudi Errugbi klubaren lanak eskertu dituzte eta azpiegitura horien premia partekatu dute. “Instituzio guztietan gure hiriaren aldeko apustu hori bilatzeko konpromiso garbia adierazten dugu”.
Txingudi Errugbi taldeak erabaki du gaurko agerraldira ez joatea eta besteek esan bezala, partekatu egin dute Txenperenearako lekualdatzea “premiazkoa” eta “lehentasunezkoa” dela. Beraien beharrez gain, gogoratu dute kirol eremuak ez lukeela existitu beharko, 1993an izendatu baitzuten Plaiaundi gune babestua. Arazo honi aurre egiteko “lidergo handiagoa” eskatu du Txingudi Errugbik.
Bestalde, IAM eta Txenpereneako proiektuen abiapuntuak eta testuingurua “oso desberdinak” dira Txingudi Errugbirentzat eta bi gaiak nahastea ez dute ulertzen, “ezta horiek horrela planteatzeak izan ditzakeen ondorioak ere”.
Errugbi taldeak lanean modu “proaktiboan” jarraitzeko konpromisoa hartu du, betiere udalaren eta BATen eskutik. Ez dute lan egiteari utziko kirol instalazio berriarekin haien beharrak “ase egin” arte. Onartutako mozioaren bigarren puntuarekin ados badaude ere, atzo ez zutela inolako ekarpenik egiten iritzi du klubak, baina eskerrak eman dizkiote udalari egindako gonbidapenagatik. “Espero dugu hurrengoan Txenperenea gai nagusia izatea”, bukatu dute.