Eskubaloiko Espainiako Errege Kopa Irunen jokatuko da ekainean
Ekainaren 6tik 8ra bitartean jokatuko da azken fasea Artalekun.

Eskubaloioko Espainiako Errege Kopako azken fasea Irungo Artaleku kiroldegian jokatuko da, ekainaren 6tik 8ra bitartean. Cristina Laborda alkatearen esanetan, “hiri mailako ekitaldi baten egoitza” izango da Irun eta horrekiko ilusio “berezia” erakutsi du. “Eskubaloi zaletasuna Irunen DNAn dago”, zehaztu du.
Goizane Alvarez Kiroletako diputatuak azaldu du “oso harro” daudela Irun eskubaloiaren egoitza izateaz eskubaloiarekiko “tradizio handia” dagoelako. Aldundiak maila handiko txapelketak antolatzeko konpromisoa duela gogoratu du Alvarezek, izugarrizko inpaktua eragiten baitu kirolaren ikuspuntutik zein ikuspuntu “sozial” eta “ekonomikotik”.
Bidasoa Irun eskubaloi taldeko lehendakari Gurutz Aginagaldek azaldu du “oso aukera interesgarria” dela ekainekoa, azken aldian “asko hazten” ari direlako. “Gure zaleen aurrean horrelako txapelketa bat jokatzea oso positiboa da, eta bada taldeak dituen beharrak ezagutarazteko aukera bikaina ere”, erantsi du. IAM pabiloiaren beharra berriro nabarmendu du Aginagaldek.
Aurtengo Espainiako Errege Kopak 50 urte beteko ditu eta 2.200 zaleren aurrean jokatuko da azken fasea, Artalekun.