A Tempo; musikatik harago doan sormen espazioa
Gaur goizean aurkeztu dute A Tempo egitasmoaren zortzigarren edizioa. Hilaren 17tik 21era musikatik harago doazen hamaika jarduerez gozatzeko aukera izango dute ikasle, irakasle eta herritarrek.

A Tempo egitasmoaren zortzigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Hilaren 17tik 21era egingo da Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolan eta bost egunetan zehar hamaika jarduerez gozatzeko aukera izango dute eskolako ikasle, irakasle eta herritarrek, jarduera guztiak irekiak izango direlako.
A Temporen programazioa lantzeko unea heltzen denean erronka «ilusioz» hartzen dutela azaldu du Esther Barandiaranek, Hondarribiko Musika eta Dantza eskolako zuzendari pedagogikoak. Gaur egindako aurkezpenean udalari zein egitasmoan parte hartuko duten gonbidatu guztiei eskerrak eman eta eskainiko diren tailer guztiek eskolak bultzatu nahi duen ideia berresten dutela zehaztu du Barandiaranek: Musika eginez “musika baino gehiago” ikasten dela.
Zentzu horretan, A Tempo egitasmoa musikatik harago doan sormen espazioa dela zehaztu du Ortzi Alonso zinegotziak eta eskerrak eman dizkio eskolari “musikaren pedagogia” lantzeagatik eta ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko “saretze lana” egiteagatik.
A Temporen baitan egingo diren jardunaldiak adituek gidatuko dituzte. Horietako bat izango da Maria Jose Noain historialaria. Noainek bereziki gazteei zuzenduriko tailer bat eskainiko du, artearen historian emakumeen presentziari buruzkoa. “Nire tailerrak oso ondo islatzen du Estherrek aipatu duen hori: musika ikasten ez dela soilik musika ikasten. Eta batez ere nabarmenduko nuke erremintak ematen dizkigula diziplina ezberdinetako sorkuntzaren edertasuna beste modu batera gozatzeko”.
Historialariak berak azaldu duenez Gabriele Munter izango du hizketagai: “Ezohiko marrazkilari alemaniarra izan zen. Der Blaue Reiter mugimenduaren sortzailea izan zen, eta espresionismoaren abangoardian ezinbesteko figura izan zen arren, ohikoa zen bezala, haren gizonaren itzalean geratu zen. Zeinari abstrakzioaren sortzailearen titulua kendu berri dioten. Orain badakigu Hilma Af klint izan zela pintura ez figuratiboa landu zuen lehena”.
Historialariaren hitzak entzun ondoren, zuzendariak hartu du berriz hitza, emakume sortzaileen garrantzia nabarmentzeko: “Maria Josek esan duen bezala urtero dago tokia emakume sortzailearentzat, oso inportantea delako neskek jakitea sorkuntzan eta edozein tokitan, edozein espaziotan beraiek tokia izango dutela”.
Zortzigarren edizioko kartela
Aurtengo edizioko kartelaren egilea Agustina Otero Fernandez izan da. Enkarguren bat jasotzerakoan, artistei, “prozesu mental, emozional eta estetiko” asko igarotzen zaizkiela burutik azaldu du Oterok, baina ezagutza eta bizipen guztien gainetik badagoela beti gailentzen den zerbait. Kasu honetan, Oterok, Josquin Des Prez konpositore franko-flamenkoak ondutako musika polifonikoaren kontzertu bat deskubritu zuen eta kartela konpositore haren obran oinarritu zuen.
Des Prez-en notek partituran “dantza” egiten zutela nabarmendu du artistak, eta nota horien gisan sortu zuela haren konposizioa. Gizaki buruak dira marraztu dituenak. Oteroren eskulturagintzan, zein marrazkigintzan egindako lanaren oinarria izan dira gizaki buruak.
Egitaraua:
- Gorputzetik sortzen: Astelehenean 17:00-17:45era. Asteartean 17:00-17:45era.
- Txikisfonik: Astelehenean 17:30-18:15era. Asteartean 17:30-18:15era.
- Lanketa tailerra: Astelehenean 18:00-19:15era.
- Eñaut Elorrietarekin kantu eta kontuka: Asteartean 18:30etik aurrera.
- Begirada lantzen: Asteazkenean 16:30-17:30.
- Dibertsitateari bidea ematen: Asteazkenean 17:00etik aurrera lehen saioa eta 18:00etik aurrera bigarren saioa.
- Animalien inhauteria: Asteazkenean 17:00etan 0-3 urteko haurrak eta 17:45ean 4, 5 eta 6 urtekoak.
- Conexión unió musical D’Aldaia: Asteazkenean 18:00etan. (Valentziako Musika eta Banda Eskola)
- Masterklass txikia: Asteazkenean 18:00-19:30era.
- Inhauterien entsegua: Ostegunean 17:00etatik aurrera.
- Los trastornos del neurodesarrollo y la música: Ostegunean 18:00etik aurrera. (Gaztelaniaz)
- Responsabilidad de confidencialidad. Gestión de la información y estilo de comunicación: Ostiralean 09:00etatik aurrera.
- Denen emanaldia: 18:00etatik aurrera.