Kirol Galaren irizpideekin desadostasuna adierazi du Lur Alaik
Klubaren ustetan, hautagaitza batzuk "urtero" goraipatzen dituzte eta "emaitzarik" edo "titulurik" lortu ez dutenak omentzea eskatu dute.

Kirol Galaren aurkezpena egin zuen pasa den astean Irungo Udalak. Topaketa honetan hiriko kirolarien eta kirol taldeen aurreko urteko lorpenak, ahalegina eta dedikazioa balioan jartzen dituzte, baina Lur Alai Squash Klubak salatu du haiek squasharen alde egindako lana oraindik ez baloratu izana gala honetan.
2028an Los Angeles egingo diren Olinpiar Jokoetan egongo da squasha eta honek Lur Alaik egin duen lana baloratzeko arrazoi gehiago ematen dituela uste dute. Oro har, inoiz aipamenik jaso ez izana deitoratu dute, besteak beste, klubak hamar urte bete zituenean, Artalekuko lau pistak babesteko egindako borroka egin zutenean edo emakume eta kirolari gazteengan egiten duten inbertsioagatik.
Alizia Txoperena squash jokalari irundarra izan zen Espainiako Estatuan 1980. hamarkadan squash jokalari onena, baina Irungo Udalak ez diola inoiz aitortza publikorik egin gehitu dute salaketei. Aitortzaren bidean, Txoperenaren izena daraman txapelketa antolatzen du Lur Alaik “3.000 euroko diru sariekin”, zehaztu dute.
Lur Alairen arabera, Kirol Galak saritzen dituenen artean “bigarren postuan dabiltzan” eta “denboraldia bukatu ez duten taldeak” daude. “Nahikoa da” esan dute eta urtero talde eta kirolari berdinak goraipatzeko izendapen berberak ateratzeaz, “nahiz eta kirolari edo klub ezberdinei saritzen saiatzen direla esan”.
Irungo kirolari eta elkarte guztiei merezi duten aitortza egitearen alde agertu da Lur Alai eta iritzi dute ez duela ezer kostatzen. Aitortza hauek emaitza edo titulurik lortu gabe egin beharrekoak dira klubaren ustetan. “Batzuk, talde berria sortzeagatik besterik ez zaie aitortu, besteak, aldiz, lan eta emaitza hobeagoak aterata ere, isilduak izan gara, Irungo politika ustelei aurre egin eta publikoki salatzeagatik”, azaldu dute. “Ezkutuko zentsura” deitu diote.
Kirol instalazioak
Kirol Galaren gaineko iritzia emateaz gain, kirol ekipamenduei buruz hitz egin du Lur Alaik. Bide horretan, Artalekuko squasherako laugarren pista itxi zuen udalak gimnasio berri bat jartzeko eta gaur hiru pistak berritu dituztela iragarri du Borja Olazabal udal ordezkariak.
Lur Alaik eskerrak eman dizkio udalari pistak berritzeagatik, baina gogora ekarri nahi izan dute laugarren pista itxi aurretik udalarkin izan zuten bileran aipatu zutena: “Nahiago dugu lau pista zaharrekin jarraitu, hiru pista berrirekin baino”. Udalaren “aldebakarreko” estrategia deitu diote horri eta ez dutela haiek nahastea lortuko.
Uste dute laugarren pistaren itxieragatik eragindako “mina” eta horrek sortutako “haserrea” ez dutela isilaraztea lortuko. Zuzenean Borja Olazabal udal ordezkaria seinalatu dute asmo honen atzean. “Utzi zure zilborra begiratzeari, honezkero denok ikusi dugu ez dagoela inolako aurrerapausorik kirol instalazioen gabezietan eta proposaturiko irtenbideak denbora eta diru galtzeak besterik ez dira izan”.
Lur Alairen esanetan, Olazabal “kea saltzen” ari da jarraitzaile askoren “ilusio” eta “itxaropenak” bere aldeko bozka bilatzeko. Hori egiteari uzteko eskatu diote eta kirol politika “herrikoiak” sortzeko lanean jartzea galdegin diote. Politika horiek herritarren “beharrak” eta “kluben beharrak” ase behar dituzte.
Bestetik, gimnasio pribatu eta kirol instalazio publikoen kudeaketan dabiltzan enpresa pribatuei mugak jarri behar zaizkiela uste du Lur Alaik. “Kirola ez da negozio bat” gaineratu dute.