Enogastronomia bultzatzeko kanpaina abiatu du Bidasoa Bizirik-ek
Irun eta Hondarribian sei establezimenduk eskaintzen dute enogastronomia esperientziak eta horiek sustatzeko bideoak eta eskuorriak sortu ditu Bidasoa Bizirik-ek.

Bidasoa Bizirik garapen agentziak kanpaina berri bat abiatu du Irun eta Hondarribiko enogastronomia sustatzeko. Bi hirien artean sei establezimenduk eskaintzen dute esperientzia hau eta Bidasoa Bizirik-ek “kalitatezko helmuga gastronomikoa” bilakatu nahi du kanpainaren bidez.
Kanpainari esker, tokiko produktua zabaldu nahi dute, hura sustatu eta esperientzia horiek bisitarientzat eta herritarrentzat erakargarri bihurtu. Horrez gain, enogastronomia turismoaren sasoitik kanpo kontsumitzea bultzatu nahi dute eta horretarako Irun eta Hondarribia helmuga “erakargarri” gisa sendotuko dute urte osoan zehar.
Sei establezimenduk, orotara, bederatzi enogastronomia esperientzia eskaintzen dituzte:
- Felix Manso (Irun): Pintxo eta ardo dastaketa eta sukaldaritza Felixekin.
- Ola Sagardotegia (Irun): Bisita gidatua sagardotegiko menuarekin eta sagardo dastaketa.
- Mendibil ardotegia (Irun): ardo dastatzea.
- Gastroteka Danontzat (Hondarribia): Merkatua eta sukaldaritza.
- Bidatour Kultura eta turismo (Hondarribia): Goazen Txikiteora! Tour gastrokulturala.
- Hiruzta upategia (Hondarribia): Bisita gidatua dastaketa eta esperientzia enogastronomikoarekin.
Bederatzi esperientzia enogastronomikoei buruz gehiago jakiteko, establezimendu bakoitzeko hiru bideo publikatu dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Horiek kontsultatzeko Youtubera edota Bidasoa Bizirik-en sare sozialetara jo behar da. Halaber, liburuxka bat sortu dute informazio guztiarekin.