Hazkuntza kontziente eta afektiboa lantzeko tailerrak
Guraso, tutore eta hezitzaileei begirako lau tailer antolatu ditu Irungo Udalak. Izena emateko epea hilaren 7an zabalduko da.

Gazteartean eta Haurartean programek bat egin eta hazkuntza kontziente eta afektiboaren gaineko lau tailer antolatu dituzte, guraso, tutore eta hezitzaileentzat. Otsailetik maiatzera bitartean egingo dituzte eta horiek aurkezteko tartea eskaini du Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak.
Tailer hauen ildoa, haur eta nerabeen garapen integrala izango da eta asmoa, ikuspuntu kontziente batetik, tokiko ikaskuntza komunitate bat eratzea da. Horretarako, erdigunean jarriko dituzte haur eta nerabeen eskubideak eta familiartean harreman osasuntsuagoak izatea bultzatuko dute.
Caballeroren esanetan, hazkuntza “sano” eta “afektiboa” sustatzea “funtsezkoa” da gazte irundarren hazkundetrako. Tailer hauekin seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak sendotu eta estutu nahi dituzte, haurtzaro eta nerabezaro sano eta seguruenak bultzatuz.
Izena emateko epea hilaren 7tik aurrera zabalduko dute eta Irungo Udalaren webgunera sartu behar da horretarako. Tailer guztiak Palmera Monteron egingo dira, eta bertan, 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzako doako kontziliazio zerbitzua eskainiko dute.
Guztira lau tailer prestatu ditu udalak. Hilaren 18an Pornografia kontsumoa eta sexu heziketaren garrantzia ulertzea saioaren txanda izango da. Raul Marcos Estrada sexologo eta psikologoak gidatuko du saioa, 17:30etatik 19:30etara.
Martxoaren 25ean izango da hurrengo hitzordua eta Sexu heziketa etxean: nola heldu praktikan izango dute hizpide. Kasu honetan ere Raul Marcos Estrada arituko da ere hitzaldia ematen, 17:30etatik 19:30etara.
Maiatzaren 6an Amorrua eta frustrazioa: nola aurre egin hitzaldiari helduko diote eta Miriam Tirado, idazle, kazetari eta hazkuntza kontzienterako aholkulariak eskainiko du saioa. Hitzordua 17:30ean hasiko da eta 19:30ean bukatu.
Azkenik, maiatzaren 14an, Nola gerturatu Z belaunaldikoengana? Egungo gazteei lagun egiteko erronka eta aukerak hitzaldia eskainiko dute. Horretarako, Isa Duque, psikologo, sexologo eta terapeuta sistemiko familiarra gerturatuko da. Beste saioak bezala, 17:30etatik 19:30etara izango da.