II. Babarrun Txapelketa antolatu du Zumardikoak Elkarteak
Hilaren 23an Damarri plazan elkartuko dira sukaldariak. Aurten elkarte bakoitzeko bi taldek izango dute parte hartzeko aukera. Iaz bezala babarrunak Zumardikoak Elkarteko kideek banatuko dituzte.

Hondarribiko Zumardikoak Elkarteak II. Babarrun Txapelketa antolatu du. Otsailaren 23an (igandea) izango da hitzordua eta lehen urteko formatuari eutsiz, elkarteak eta babarrunak izango dira protagonista.
Dena den, zenbait aldaketa egin dituzte ere. Esaterako, Hondarribiko baserrietako babarrunez gain, partikularrek ekoiztutako babarrunak ere izango dira erabilgarri lehian. Bestetik, iragan urtean ez bezala, elkarte bakoitzeko bi taldek parte hartu ahal izango dute, eta beraz, bi kazola aurkeztu.
Elkartekideek azaldu dutenez gutun bat bidali diete herriko elkarte guztiei lehiaketan izena eman dezaten. Epea zabalik dago datorren ostiralera arte (hilak 14). Izena emateko Zumardikoak Elkartearen helbide elektronikora mezu bat bidali edo 629 40 59 69 telefonora deitu behar da.
Babarrun lehiaketa
Hilaren 23an Damarri plazan elkartuko dira sukaldariak. Euria egiten badu Soroetara aldatzeko aukera dagoela adierazi dute antolatzaileek. Goizeko 09:00etan hasiko dira parte hartzaileak beren kazolak prestatzen. Janaria prestatzeko mahaiak antolatzaileek ekarriko dituztela aurreratu dute, baina sua eta kazolak parte hartzaileek ekarri beharko dituztela.
Babarrunak Zumardikoak Elkarteko kideek banatuko dituzte eta Juan José Lapitzen errezeta bat jarraituz babarrunak kozinatu beharko dituzte. Osagaiak honakoak izango dira: Ura, olioa, tipula eta gatza. Babarrunak hilaren 19an banatuko dituzte 18:00etan Hondarribiko Batzoki Jatetxean.
Aurtengo epaimahaiari dagokionez lau lagunek osatuko dutela azaldu duten arren, funtzio hori zeinek beteko duten baieztatzeke dute oraindik. Hori bai, aurreratu dutenez sukaldari batek, elkarte gastronomikoekin lotutako pertsona batek, euskal produktuaren ezagutza handia duen pertsona batek eta baserriaren munduko beste pertsona batek osatuko dute.
Kozinatu eta irabazlea ezagutu ondoren, sabelak betetzeko unea helduko da. Batzoki Jatetxean egingo dute bazkaria. Jatetxeak azak, saihets hezurrak, txorizoa, odolkia eta pipermina banatuko ditu. Bazkaltzeko lekua erreserbatzea beharrezkoa da. Horretarako 629 40 59 69 telefonora deitu behar da.
Hitzaldia
Iaz egin bezala, aurten ere hitzaldi bat antolatu dute babarrunak banatuko dituzten egunerako (hilak 19). Domingo Merinok Nekazaritza birsortzailea eta praktika berriak deituriko hitzaldia eskainiko du. Merino Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria izan da 17 urtez eta 20 urtez Aldundiko nekazaritza eta ingurumeneko laborategiko zuzendaria. Hitzaldia Batzokian izango da.