Jesus Carreraren oroimena bizirik
Buruzagi komunista izan zenaren erailketaren 80. urteurrenerako ekitaldi sorta prestatu zuen Hondarribiko Udalak, «Jesus Carreraren figura ez dugulako ahaztu nahi».

Alcala de Henareseko (Madril) kartzelatik atera eta hilerri kanpoan erail zuten Jesus Carrera Olaskoaga 1945eko urtarrilaren 16an. 80 urte igaro dira «zorigaiztoko» urtarril hartatik, eta «Hondarribiko herria memoria historikoarekin konprometituta dagoen herria» denez, Carreraren oroimena bizirik mantentzeko zenbait ekitaldi antolatu zituen iragan astean Hondarribiko Udalak.
Lore eskaintza batekin hasi zuten urteurren eguna senide, herritar eta udalbatzako zenbait kidek. Hondarribiko hilerrian egin zuten hitzordua, Carrera sendiaren hilobi parean, bertan baitaude Jesus Carreraren gorpuzkiak 2018az geroztik. Urte hartan lortu zuten senideek Alcala de Henares-eko hilerrian zegoen hobi komun batetik atera eta herrira ekartzea. Ekitaldian Igor Enparan alkateak eta Maria Carrerak hitza hartu ondoren sendiaren hilobia lore sortez bete zuten, eta ekitaldiari bukaera emateko Internazionala ereserkia abestu zuten.
Eguna borobiltzeko, hitzaldia egin zuten arratsaldean. Aitzol Arroyo historialariak eta Maria Carrerak, Jesusen ilobak, parte hartu zuten eta hondarribiarraren biografia eta familiaren bizipenak kontatu zituzten. Azalpen historikoak eman zituen Arroyok eta hizketaldiaren bukaeran fusilamendua nola gertatu zen azaltzen zuen dokumental bateko testigantza ezarri zuen, eta Maria Carrerak, malkoak ezin eutsi, hunkiturik hartu zuen hitza.
Familian jakitun ziren osaba Jesus komunista zela, baina handik harago ez zekiten ezer. «Egun batean Joserra [Enparan historialaria] agertu zen eta hor hasi zen nire abentura pertsonala, osaba ezagutzen». Ondoren, Arroyok gauza asko kontatu zizkiela esan zuen, eta hura «shock» bat izan zela. Handik urte batzuetara hasi ziren osabaren bila eta prozesu guztiko momenturik gogorrena Alcala de Henares-eko hilerrian bizitakoa izan zela onartu zuen. «Harria kendu zutenean eta fosa ikusi nuenean izan zen niretzat momenturik gogorrena. Tentsio asko bizi izan genuen, baina zorionez Paco Etxeberria zoragarria da bere lanean eta asko lagundu zigun».
Dena den, garrantzitsuena hilerrian bertan ezagututako pertsonek egindako ekarpena izan zela gaineratu zuen Mariak. «Komunista ugari hurbildu zen eta beren istorioak kontatu zizkiguten. Konturatzen zara gure familiaren historia bera beste familia askok bizi izan dutela ere».
Horietako bat kontatu zuen kultur etxean: «Emakume zahar bat gerturatu zen, haren alabarekin. Eta kontatu zigun bere aita medikua zela, iritziz komunista, baina afiliatu gabea. Komunisten medikua izan zen, Frankistek ez zituztelako gorriak tratatzen. Eta esan zigun beren aita bizitza osoan bizi izan zela beldurrez. Kontakizun hori oso gogorra egin zitzaidan. Bere aitak ez zuen demokrazia ezagutu».
Hurrengo egunean Hondarribiko Gorria dokumentala proiektatu zuten bigarrenez, herritar orok ikusteko aukera izan zezan.
Buruzagi komunista
1911ko abuztuan jaio zen Jesus Carrera. Gaztaroa gazte arrunt bat bezala bizi izan zuen. Igeltsero gisa lan egin eta herriko elkarteetan ibiltzen zen, batez ere Kerizpe elkartean. Haren ibilbide politikoa 1931n hasi zen, bigarren errepublika iristearekin batera. «Euskaldun gazte askorentzat iraultza politiko eta ideologiko nabarmena izan zen bigarren errepublika. Korronte ezberdinak zabaldu zituen, bai ezkerrean eta baita eskuinean ere», azaldu zuen Arroyok. Hasieran UGTn sartu zen, eta ondoren, Irungo Alderdi Komunistako gazte komunisten (GK) kide egin zen. 1935ean hiriburura lekualdatu zen eta Donostiako Alderdi Komunistako idazkari sindikal gisa aritu zen.
Gerrak 1936an egin zuen eztanda. Hiru urteren ondoren, Iparraldeko frontea erori zenean Frantziara igaro eta bertatik Bartzelonara heldu zen. Frankistek bertara iristea lortu zuten ere eta Frantziara erbesteratu zen. Internamendu zelai ezberdinetan egon ondoren, alderdiaren eskakizunei erantzunez estatu barrura sartu zen klandestinoki eta bitartekari lanak egin zituen. 1942an penintsula barruko alderdiaren buruzagia zena erori eta Carrera izendatu zuten idazkari nagusi. Kargu hori oso arriskutsua zen, oso aste edo hilabete gutxi irauten zuten normalean. Carrera urtebete egon zen. «Horrek erakusten digu zer nolako gaitasuna, erresistentzia eta burua zuen».
Harrapatu zutenean sei hilabete luzez torturatu zuten DGSren Madrilgo egoitzan, Sol ateko plazan. 1944ko udazkenean epaitu zuten eta Eguberrietako meniaren ondoren 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten, Alcala de Henaresko hilerrian.