«Hemengo kasuak dira denak, gure bizilagunenak»
Hilaren 7an inauguratu zuten 'Hain gertu eta hain urrun. Migrantas' erakusketa Hondarribian. Hilabete batez izango da ikusgai Emeki elkartean. Emakume migratuekin egindako lanaren emaitza da.

Emeki elkartera sartu eta aurrez aurre egin dugu topo Hain gertu eta hain urrun. Migrantas erakusketarekin. Hasiera batean «marrazkitxo moñoñoak» diruditenak «errealitate gordina» ezkutatzen dute barnean. 2022-2023 ikasturtean egindako lanketaren emaitza da honakoa. 2023 urte bukaeran aurkeztu zuten Hernaniko Emakumeen Etxean, eta ordutik, hainbat tokitan leku hartu du. Erakusketa honek «hausnartzeko eta hobetzeko» balio dezala desiratu du Ainara Lopezek.
Noiz eta nola sortu zen proiektua egiteko ideia?
Ainara Lopez: Behar baten emaitza dela esango nuke. Parean elkartean migratutako emakumeekin elkarlanean gabiltza aspalditik, proiektu ezberdinetan, eta gure jardunetako bat da migrazioaz hitz egitea. Zenbait emakumek beren istorioak kontatzen dizkigute, eta gure sentsazioa zen oso gertu ditugun arren, ez ditugula ezagutzen. Istorio horietako asko oso potenteak dira.
Iraitz [Arabolaza] ezagutzen genuen jada. Aurretik beste zenbait lan egin izan ditugu elkarrekin, mundua ikusteko modu berdina dugulako, feminismotik eta justizia sozialaren ikuspegitik. Beraz, polita iruditu zitzaigun hausnarketa hau berarekin konpartitzea eta nola plazaratu ahalko genukeen ikustea.
Emakume migratuek kontatutakoak binetetan plasmatu zenituzten. Iraitzekin kontaktatu zenutenean ideia hori zenuten buruan jada?
Iraitz Arabolaza: Nirekin kontaktuan jarri zirenean tailer batzuk prestatzeko eskatu zidaten. Horietan emakume migratuekin egongo ginela esan zidaten, eta ariketa txiki batzuk prestatu nituen, autorretratu moduko marrazkiak egiteko. Baina konturatu ginen tailerrak aurrera joan ahala interesgarriena marrazkiak egin bitartean sortzen ziren elkarrizketak zirela.
Informazio hori guztia jasotzen joan ginen poliki-poliki. Bagenekien modu artistikoan edo marrazkien bidez azaleratuko genituela istorio horiek. Ez genekiena zen zein forma izango zuten. Askatasun osoa utzi zidaten. Rakel Riba-Rossy, Lola Vendetta egiten duena, Javi Royo edo Flavita Banana oso gustuko ditudan binetistak dira, eta beren lanak asko jarraitzen ditut. Eredu bezala hartu nituen, eta erakusketa osatzen duten bineta hauek sortu ziren.
Lopez: Aldi berean, beste proiektu batzuk egiten jarraitu genuen, eta espazio horietan sortzen ziren elkarrizketak ere jaso eta Iraitzi helarazten genizkion. Adibidez, Dunboa eskolan Ongi etorri eskolara proiektua martxan dago, etorri berri diren familiek eta bertakoek sare-harremanak egin ditzaten. Bertako hitzaldi batean jasotako istorioak ere badaude erakusketan.
Emakume migratuen errealitatea ezezaguna dela aipatu duzu. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Lopez: Arrazoi asko egon daitezke. Uste dut hemen intersekzionalitateak baduela zeresana. Migratzen duten pertsona guztiek pairatzen dituzte gauza konkretu batzuk, dela galera, dela errealitate berri batera egokitzea… Beharrarengatik migratzen dute askok eta askok, eta uste dut pasatzen duten prozesu hori oso momentu delikatua izaten dela, eta zailtasun handiak izaten dituztela kultura berriaren espresioak eta dinamikak ulertzeko. Eta horrek ez du errazten bertako dinamiketan parte hartzea.
Bestetik, jasotzen ditugunok aurreiritziz josita gaude. Ondo legoke hausnartzea eta onartzea denok garela pixka bat arrazistak, eta gauza asko deseraiki behar ditugula. Ezezaguna denak beldurra ematen digu, baina uste dut gero eta denbora gehiago pasaz eta elkar ezagutuz, lortu dezakegula.
Tarteka, legeak eta politikak oztopo handiak dira kontu honetan ere. Ez da bakarrik eskuin muturrak ematen dituen mezuak, baizik eta atzerritar legea dela, diru laguntzak lortzeko zailtasunak direla, edo egunerokotasunean sortzen zaizkien beste zenbait arazo dela eta, oztopo handiak izaten dituzte, guk imajinatzen ez ditugunak. Guri propio kosta egiten zaigu errealitateari aurre egitea, bada, imajinatu baliabideak ez dituenarentzat, edo inkluso hizkuntza traba bat denarentzat. Eta horri, begiradak eta aurreiritziak gehitzen bazaizkie… begirune gehiago zor diegula uste dut.
Hondarribian eta Irunen, gainera, gertutik ikusi da zenbat migratzailek galdu duten bizia Bidasoa ibaian, edota zenbat lagun iristen diren honaino, eta zenbat zailtasun dituzten joan nahi duten tokira heltzeko. Sentsibilitate berezia dago eskualdean?
Lopez: Denetik dago. Uste dut gure eskualdean aipagarriena Harrera Sarea dela. Hor mobilizatu den guztia… harro egoteko mugimendua da. Gero, badago ezertaz konturatzen ez den jendea. Eta kontrakoa, diskurtso arrazista elikatzen dutenak. Autokritika egiteko, euskal kulturatik ere, hau da, euskal kultura galtzearen beldurretik, badugu lan handi bat egiteko, eta aurrera begira zer nolako Euskal Herria nahi dugun hausnartzeko. Euskara ez da galduko etorkinak datozelako, baizik eta dakienak erabiltzen ez duelako. Eskola segregazioa eta abar. Baditugu zenbait gauza hausnartzeko eta erakusketa horretara doa.
Tailerrei dagokienez, bertako emakume migratuekin egin duzue lan. Nola osatu zenituzten taldeak?
Lopez: Irungo Entre Nosotras taldearekin egin genituen tailerrak. Ostegun arratsalde eta ostiral goizetan biltzen dira Irungo Emakumeen Etxean. Jende guztia dago bertara gonbidatuta, bertakoak ere bai. Espazio mistoa izan nahi du. Gu haiekin jarri ginen harremanetan eta beren taldeetan sartu ginen.
Arabolaza: Pertsona askok parte hartu dute. Hamaika emakumeren istorioak daude erakusketan, baina jaso ditugunak askoz ere gehiago izan dira. Gainera, ez dute soilik tailerretako emakumeek parte hartu. Sare sozialetan ere partekatu genuen proiektua, eta mezu pribatu asko jaso genituen.
Nola irudikatu behar ditugu tailer horiek?
Arabolaza: Saioa hasteko minutu batzuk itxaroten genituen, ez baikenekien nor azalduko zen. Egun batean emakume pila azaltzen ziren eta hurrengoan bi. Inprobisatzeko tarte bat hartzen genuen. Zenbait emakumek errepikatu egiten zuten, eta beste batzuk behin agertu ziren.
Lopez: Proiektuaren azalpena egiten genuen lehenik, eta gero, Iraitzek prestatutako dinamikak proposatzen genizkien, norbere burua definitzeko: Zure burua margotu, zein dira zure ametsak, zein da zure janari gustukoena… Oso polita izan zen aurrean zenuen pertsona horri zer gustatzen zitzaion ikustea, azken finean, batzen gaituzten gauzen bidez —janaria, musika—. Horrek gainera, elkarrizketa ezberdinak sortzea eragiten zuen. Gordina izan zen gero ikustea nola sentitzen zuten besteek [bertakoek] ikusten zituztela.
Nola jaso zenituzten beraiek kontatutakoak? Istorio horiek espero zenituzten?
Arabolaza: Gai batzuk espero nituen, baina beste batzuk guztiz sorpresaz jaso nituen. Bazeuden ama-alaba bat brasildarrak zirenak eta Irunen bizi zirenak. Ama nahiko heldua zen eta paperik ez zuenez, garraio publikoa hartzeko beldurra zuela esan zigun. Erbesteratuko zutenaren beldur zen. Ez nituen halako egoerak espero.
Lopez: Umeen kontuak beti dira gogorrak entzuteko. Emakume batek kontatu zigun alokairuan bizi zen pisuan ez zutela ondo tratatzen —gela bat zuen alokatuta—, egoera kaxkarrean bizi zela eta bere txikiak haren jaioterrian zeudela, bera hemen dagoen bitartean, bizirauten.
Istorio gogorrak entzun behar izan zenituzten.
Lopez: Bai. Azkenean, hiri berdinean bizi gara denak eta beharrezkoa da elkar ezagutzea eta jakitea zer bizi duten.
Horretarako garrantzitsua da espazio seguruak sortzea. Nola sortzen da halako espazio bat?
Lopez: Hemen abantaila bat genuen, eta da espazio segurua sortuta zegoela. Baina adibidez, Parean elkartean Emakumeok Zast! proiektua dugu. Elkarrekin kirola egitea da xedea: Emakume etorkinak, ijitoak, eta gure ingurukoak. Eta uste dut espazio segurua sortzeko funtsezkoa dela normal agertzea, zure lagunekin egongo bazina bezala, elkarrekin zerbait egitera, eraikitzera. Mesfidantzarik gabe begiratzea. Interesa izatea eta entzuteko prest egotea. Aldi berean, garrantzitsua da emakumeez osatutako espazio bat izatea.
Emakumeen istorioak, kezkak eta bizipenak jaso eta ondorengo prozesua bakarrik egin zenuen. Nolakoa izan da bidea?
Arabolaza: Hasierako erabakiak hartu arte eta buruan egin nahi nuena bisualizatu arte dudak izan nituen. Baina behin erabakiak hartu nituenean, hau da, binetak izango zirela, eta horiek zein estilotan egingo nituen eta nola erabaki nuenean, gustura aritu nintzen, nire munduan, tabletarekin marrazten. Behin marrazkiak eginda Parean elkarteko kideekin etengabeko kontaktuan izan nintzen: «Ulertzen da?; Hau euskaraz jarriko zenuke?». Zenbait irudik ez zuten testurik behar izan. Eta hala joan nintzen, poliki-poliki.
Erraza egin zaizu proiektuari irudia jartzea?
Arabolaza: Beti esan izan dut, baina Parean elkartearekin oso gustura egin dut lan haiekin izandako bi esperientzietan —duela hiru urte Moskuko plazan Eva Campo Mullerren omenezko murala berritzeko elkarlanean aritu zen Parean elkartearekin—. Guztiz libre uzten dizute. Normalean ez dut bezeroekin lan egiten, beren gustura egin behar izaten duzulako lana. Hau edo bestea aldatu esaten dizute, eta azkenean sormenerako tarte gutxi izaten dut eta blokeatu egiten naiz. Baina Parean elkartearekin kontrakoa gertatzen zait. Ideia eman eta nahi dudan bezala sortzeko aukera ematen didate. Oso gustura sentitu naiz.
Erakusketara etortzen denak zer ikusiko du?
Arabolaza: Atetik sartu eta berehala marrazkitxo moñoñoak ikusiko ditu. Baina hurbiltzen denean errealitate gordinarekin egingo du topo. Gero, bakoitzak ikusiko du noraino hausnartu dezakeen eta noraino eragiten dion ikusitakoak. Hemengo kasuak dira denak, ezagutzen ditugun pertsonenak, gure bizilagunenak, gure lagunenak. Errealitate hurbila da kontatzen dena.
Lopez: Azkenean, balio dezala hausnartzeko eta hobetzeko. Ez da kexa bat, eta gorputz txarrarekin geratzea baino, gustatuko litzaidake honako errealitate hau aldatu behar dugunaren mezua jasotzea. Edo ikustea bagaudela pertsonak hau aldatzeko prest.
Arabolaza: Marrazkietan zentratuz, ikusten da bakoitzak kolore bateko fondoa duela. Fondo bakoitzak pertsona bat irudikatzen du, baina laranja, adibidez, asko errepikatzen da. Horietan askotan entzun ditugun mezu horiek irudikatu ditut.
Beste zenbait lekutan izan da erakusketa. Zer nolako feedbacka jaso duzue orain arte?
Lopez: Aurkezpena Hernaniko Emakumeen Etxean egin genuen 2023ko abenduan. Ondoren, Teila Fabrikan, Pio Baroja Institutuan, Irungo HHIn [Helduen Hezkuntza Ikastetxea], Artiedan (Nafarroa), eta Errenteriako Emakumeen Etxean egon da. Nahi den lekuan jartzeko aukera dago.
Orokorrean, iritzi politak jaso ditugu, batez ere marrazkien eta formatuaren egokitasunaren inguruan. Bestetik, jaso dugun mezua izan da: «Goazen positiboan pentsatzera, edo honek tristura sortzen dit». Baina hau da errealitatea. Migranteekin lan egiten dutenek eskertu dute lan tresna gisa erabiltzeko materiala izatea. Horretarako eskaintzen dugu ere eta feedback polita jaso dugu.
Hemendik aurrera zein bide egitea gustatuko litzaizueke?
Arabolaza: Zabaltzen jarraitzea eta herriz herri mugitzen joatea.
Lopez: Polita litzateke zer nolako binetak nahiko genituzkeen irudikatzea.