Jesus Carrera fusilatu zutela 80 urte
Gaur goizean lore eskaintza eginez omendu dute Jesus Carrera buruzagi komunista. Hortaz gaiz, hitzaldi bat eta Hondarribiko Gorria dokumentalaren proiekzio bi prestatu dituzte.
Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarraren fusilamenduaren 80. urteurrena bete da gaur. Buruzagi komunistaren oroimena bizirik mantentzeko lore eskaintza egin dute gaur goizean.
Hondarribiko hilerrian egin dute hitzordua, Carrera familiaren hilobi parean. Bertan baitaude Jesus Carreraren gorpuzkiak. 2018an lortu zuten senideek Alcala de Henaresen zegoen hobi komun batetik atera eta Hondarribira ekartzea.
Omenaldiaren hasieran Igor Enparan alkateak hartu du hitza eta Hondarribia memoria historikoarekin konprometitutako herria dela ziurtatu du: “Duela 80 urte fusilatu zuten Jesus Carrera hondarribiarra Alcala de Henaresen. Hondarribiko herria memoria historikoarekin konprometituta dagoen herria da eta gaur zorigaiztoko egun hura oroitzeko elkartu gara hemen, Jesus Carreraren figura ez dugulako ahaztu nahi”.
Gaur eta bihar artean udalak antolatu dituen hitzorduak gogorarazi (Gaur 19:00etatik aurrera hitzaldi bat Kultur Etxean eta bihar 18:30ean gaztelaniaz eta 20:00etan euskaraz Hondarribiko Gorria dokumentalaren proiekzioa), eta horietara bertaratzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.
Alkateak ondoren, Maria Carrerari luzatu dio hitza. Buruzagi komunistaren ilobak omenaldira gerturatu diren guztiei eskerrak eman eta senide guztientzat egun “hunkigarria” dela aitortu du. Hitzartzean, gainera, gogoan izan ditu senitartekoen gorpuzkiak berreskuratu ezin izan duten familia horiek guztiak: “Jesuseri omenaldia egin behar diogula pentsatzen dugu bere bizitza nolakoa izan zen ikusita, baina berari omenaldia egiteaz gain, pentsatzen dugu zabaldu behar dela agertu ez diren guztiei, familiarrak berreskuratzea lortu ez duten familia guztiei. Oraindik familia asko daude sufritzen eta pentsatzen dut denbora gutxi geratzen dela gorpuzkiak berreskuratzeko”. Erabat hunkituta aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkie guztiei.
Hitzartzeen ondoren lore sortak utzi dituzte Jesus Carrera atseden hartzen dagoen hilobi familiarraren gainean, eta omenaldia bukatzeko elkarrekin abestu dute.