Jesus Carrera "diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat" aitortu du udalak
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
1945eko urtarrilaren 16an goizeko ordu txikietan Alcala de Henareseko kartzelatik atera eta bertako hilerri kanpoan erail zutela gogoratu dute aurrenik Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzionalean.
Ondoren, Carreraren bizitza nolakoa izan zen laburbildu, eta azkenik, Carrera Olaskoaga “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu dute, haren senideei elkartasuna adieraziz.
“1911ko abuztuaren 17an jaio zen, Ipar kalean. Gaztetatik kultura eta politikagintza uztartu zituen. Kerizpe elkarteko eta UGT eta Irungo Gazte Komunisten kide baitzen.
Bigarren errepublikaren eztanda geroztik, bere ibilbide politikoa emankorra izan zen, UGTko Idazkari Sindikal izatetik Euzko Gudarosteko Gernikako Arbola erreserbako batailoi komunistako komandante izendatzeraino. Frankoren garaipena gertu zegoelarik erbesteratu eta 1939 eta 1940 urteetan zehar Argeles, Saint Cyprien, Gurs eta Rivesaltesgo Kontzentrazio zelaietan egon zen. Alderdi Komunistak azken kontzentrazio zelai hartatik erreskatatu zuen Alderdi Komunistaren berrantolaketa bere gidaritzapean utziz. 1942an, Espainiako Alderdiko Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten.
1943ko martxoan Madrilen atxilotu zuten eta 1944ean ospatu zen 121.548 prozesu sumarisimoan, heriotza zigorra ezarri zioten, espioitza eta komunismo delituak egotzita. 1945eko urtarrilaren 16ean bete zuten erabakia eta Jesus Carrera Alcala de Henaresen fusilatu zuten, bere gorpua 78 urtez hobi komun batean ahanzturan geratuz”.
Herriko hainbat historialarik egindako lanari esker, Kandido Sasrtaren gorpuzkiak aurrenik (2008an) eta Jesus Carrerarenak ondoren (2018an) Hondarribira itzultzea lortu zutela gaineratu dute udalbatzako kideek. Baina herrikide horiez gain, gogoratu dute hondarribiar asko izan zirela 1936tik 1975era bitartean bonbardaketak, fusilamenduak, espetxeratzeak, deportazioak, erbesteratzeak, lan garbiketak, zigor ekonomikoak, salbuespenezko auzitegiek eragindako prozesuak eta kondenak, baita giza eskubideen beste urraketa mota batzuk ere jasan zituztenak.