Ireki dute Larreaundi-Olaberriako bigarren lokala
Ama Birgina Mirarietako 3. zenbakian dago bigarren auzo lokala eta dagoeneko ikastaroak eskaintzen ari dira. Alkateak gaur bisitatu du gune berria.
Ama Birgina Mirarietakoa 3. zenbakian bigarren lokala ireki du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Iñigo de Loiola kalean daukan egoitzari eutsiko diote, eta bigarren lokalarekin espazio gehiago izango dituzte jarduera gehiago egiteko. Izan ere, orain artekoa txiki geratu zaie eta ezin zen jarduera berririk egin.
Auzo lokala izena jarri diote behin behinean, auzo elkartearen lokal historikoaz ezberdintzeko, eta gaur, bertara bisita egin du Cristina Laborda alkateak, Roberto Iparragirre auzoko militante historikoaren eta Estibalitz Hernandez auzo elkarteko belaunaldi berriko kideen begirada pean.
Iazko apirilean alokatu zuen udalak lokal hau, baina konponketa lan batzuk medio, urtarrilean ireki dute. Obra horiei esker zorua berritu dute, horma berri batzuk altxatu, ate berri bat jarri eta instalazio elektrikoa egokitu. Halaber, berogailuak instalatu dituzte eta lokala margotu. Jarduketa hauetara 10.000 euro bideratu dituzte.
Orain, altzariak jartzea besterik ez da falta eta horrela, alkateak oroitu gisan, auzo elkarteak egindako eskaera bati erantzuna ematen bukatuko dute.
Ikastaro bakoitzean izena emateko modua desberdina da eta irakasleekin jarri behar da harremanetan. Kontaktu guztiak azpiko kartelean topa daitezke eta ordutegien informazioa honako lotura honetan. Auzo Elkarteak jarduera ezberdinak sustatu nahi ditu, eta proposamenak auzo elkartearen helbide elektronikora bidal daitezke.