Higerrerako errepidea itxiko dute, ezponda egonkortzeko
Bost asteko iraupena izango dute lanek. Alternatiba bezala, portuko errepidea eta Pierre Lhande kaleko malda erabili beharko dute ibilgailuek Higer alderako joan-etorriak egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Gi-3361 errepidea, Higerreko farolara doana, bost astez itxiko dutela ezponda batean egin beharreko larrialdiko egonkortze lanengatik. Zehazki, errepide horren 2,9 eta 2,95 kilometroen artean dagoen ezpondan egingo dituzte lanak, eta hori egiteko tamaina handiko garabi bat behar denez, errepidearen bi bideak moztu eta zirkulazioa erabat etengo da. Hilaren 20ko (astelehena) 09:00etan etengo dute trafikoa.
Hori dela-eta, Higer aldera joateko (eta handik jaisteko), portuko errepidea eta ondoko malda (Pierre Lhande kalea) erabili beharko dituzte ibilgailuek, handik Gi-3361ra iritsi ahal izateko; egun, malda hori igoerarako bakarrik dago baimendua, baina semaforo sistema batek lagunduta bi norabidekoa izango da.