Elkarrekin Irun: "Irundarrak nekatuta daude iragarki hutsalez"
Positiboki baloratu du koalizio moreak 588 metro koadroko lokala lagatzea Osasun Sailari, baina lokala martxan egoteko epeak eta konpromisoak galdegin dituzte.
Irungo Udalak atzo iragarri zuen 588 metro koadroko lokal bat lagako diola Osasun Sailari, Erdiguneko anbulatorioko barrakoiak ordezteko. Ordezkatze honek Oinaurren anbulatorioa eraiki bitartean iraungo du eta gaur alderdi politikoen erreakzioak iritsi dira.
Elkarrekin Irunek positiboki baloratu du lokala alokatzea “osasun zerbitzuak hobetzeko neurri guztiak beharrezkoak eta premiazkoa” direlako. Dena den, proposamen hau PSE-EE eta EAJren arteko tirabiren ondoren etorri dela nabarmendu du David Nuño bozeramaileak.
Bi alderdi hauek arduradun nagusitzat jo ditu Nuñok eta beraien arteko tirabira politikoek zerbitzu publikoak hobetzeko “aukera gakoak galtzea” eragin duela diote.
Bestalde, hiriko gainontzeko eragileak ez informatu izana deitoratu dute. “Trasparentzia falta larriaz ari gara. Era honetako erabakiek zuzenean eragiten dute herritarren ongizatean eta elkarrizketa eta adostasunaren bidez hartu behar dela uste du bozeramaileak. “Ez da justua alde batean uztea osasun publikoa hobetzeko urteak lanean gabiltzanak”.
Soilik proposamenak ez aurkezteko eskatu diote udal gobernuari, “herritarrek ziurtasuna, konpromiso argiak eta epe zehatzak” behar dituztelako. “Irundarrak nekatuta daude iragarki hutsalez. Ezin dugu utzi herritarrak mareatzen jarraitzea benetako eta ukigarriak ez diren konponbideekin”.
Hiru konpromiso hartzea eskatu diote udal gobernuari eta Osasun Sailari. Hona hemen, hitzez hitz:
- 1. gardentasuna: Azalpen argiak eta xehetasunak dituztenak proiektu honen bideragarritasunari buruz. Proposamen honen epeak ere behar ditugu, baita zenbateko kostua izango duen, ziurtatuz hau guztia jakinarazten zaiola udal talde politikoei eta ehun sozialari.
- 2. ziurtasuna: Benetako egutegi bat martxan jartzeko Alarde eraikineko instalazio hau. Halaber, benetako konpromisoa nahi dugu aurrera egiteko Oinaurreko hirugarren anbulatorioarekin eta erdigunean eraikiko duten beste erietxearekin.
- 3. konpromisoak epe luzera begira: Bermeak nahi ditugu behin behineko soluzio honek ez duela ordeztuko beharrezkoak diren inbertsioak. Inbertsio horiek osasun zerbitzuen gabeziak konpontzeko behin betiko soluziorako beharrezkoak dira.