Indarkeria matxista 60 urtez gorako emakumeek ere pairatzen dutelako
Kanpaina berezi bat sortu du Irungo Udalak 60 urtetik gorako emakumeek pairatzen duten indarkeria matxista identifikatzeko. Adin horietako emakumeak dira salaketa gutxien jartzen dutenak eta sufritzen dutenen artean gehiengoa dira.
Trapu zaharrak ez dira etxean garbitzen. Lelo hau jarri dio Irungo Udaleko Berdintasun arloak indarkeria matxista pairatzen duten 60 urtetik gora dituzten emakumeei begirako kanpaina zabaltzeko. Ezkutuko indarkeria izaten dela askotan azaldu du Nuria Alzaga ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako azterlanaren arabera, 60 eta 70 urte artean daudenek dute salaketa aurkezteko aukera gehien.
Ezkutuan dauden biolentzia horiek emozionalak edota ekonomikoak izan ohi dira eta 40 urte baino gehiagoko erlazioetan gertatu ahal dira. Emakume askok, erlazio luzeen ondorioz, normalizatu egiten dituzte indarkeria hauek eta kanpaina honen asmoa horiek identifikatzen laguntzea da. Halaber, udalak biktimei eskaintzen dizkien baliabideen berri ematea ere bada xedea.
Kanpainaren irudia 60 urtetik gorako emakume bat da eta ez dela “ausaz” hartutako erabakia azaldu du Alzagak, adinekoei bereziki zuzendutakoa baita. Silvia Mendez Berdintasun teknikariak gogoratu du trapu zaharrak ez direla etxean garbitu behar, gizarteratu egin behar da auzia, eta Eguberrien ondoren eman dute kanpainaren berri “data korapilatsuak direlako, harreman gehiago dutelako erasotzaileekin edota egoera biolento hauek bultzatu dezaketen familiarrekin”.
Kanpaina
Udaleko gizarte zerbitzuek azken urteetan egindako indarkeria matxistari buruzko azterlanetan identifikatu dute Irungo Udalak indarkeria matxistagatik arreta eskaintzen dietenen artean, 60 urtetik gorakoen profila “nabarmen jaisten dela”. Era berean, Ertzaintzan indarkeria matxistagatik jarritako salaketetan 60 urtetik gorakoek jarri ahal dituzten salaketak oso gutxi dira. “Emakume hauek zailtasun bereziak dituzte indarkeria matxista identifikatzeko edota horren gainean neurriak hartzeko” azaldu du Mendezek.
Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako txostenean azaldu dute “sozialki ezezagunak” direla eta egoera singularrak eta konplikatuak pairatzen dituztela. Kasu gehienetan iraupen luzeko indarkeriak dira eta horrek isolamendu soziala handiagoa izatea eragiten die.”Biolentzia, kroniko bihurtzen da. Fisikotik psikologikora pasatzen da eta 60 urtetik gorakoek normalean biolentzia ekonomikoa pairatzen dute ere”.
Biolentzia areagotu egiten dela etxean duen erasotzailea erretiratu egiten denean ohartarazi du Mendez teknikariak eta egoera larritu egiten dela. Garai horietan dependentzia egoerak agertzen hasten dira, bai emakumeengan bai erasotzaileengan. “Adin horietako emakumeek, gainera, aguantatzearen kultura askoz gehiago jasan dute, baita familia batuta mantentzearen kulturari dagokionez. Osagai horiek okertu egiten dute haien egoera eta zaurgarritasuna”.
Adineko emakumeei buruzko estereotipoek ere ez dutela laguntzen esan du teknikariak. Estereotipo horien arabera, emakume hauen jarrera “bihozberago edo hauskorragoarekin” erlazionatzen da eta honek zaildu egiten du tratu txarren emailea den gizonak identifikatzea.
Kanpainarekin adin tarte honetako emakumeengan eragin nahi dute, haien kabuz ohar daitezen indarkeria matxista pairatzen dutela, eta “ez dela normala”. Horrez gain, egoera hauek hausteko urratsa emateko bultzada ematen lagundu nahi dute. Dena den, gizarte osora iritsi nahi dute kanpaina honekin, denak ohar daitezen errealitate hau existitzen dela eta familia barruan egoera hori balego identifika dezaten.
Beste kanpainekin egin moduan, autobus geltokietako markesinak, komun publikoak eta kaleko publizitate pantailak baliatuko dituzte kanpaina hedatzeko. Horrez gain, haiengana zuzenki iristeko adineko emakumeak joan ohi diren tokietan ere jarriko dituzte kanpainaren euskarriak, hala nola, anbulatorioetan, farmazietan, joan ohi diren dendetan eta adinekoentzako zentro sozialetan.
Arreta berezia jarri nahi diote adinekoentzako zentro sozialetan eta adinekoentzako elkarteetan. Izan ere, teknikariak azaldu du frogatuta dagoela era naturalean gerturatzen direla egoitza hauetara eta errazagoa izan daiteke eremu hori espazio segurua izateko. Mezua zabaltzeko eta horren gainean pentsatzeko espazio segurua izan daitekeela ere azaldu du Mendezek. “Zubiak izan daitezke”.
Baliabideak
Baliabideak zeintzuk diren errepasatu ditu Alzagak, “ez daudelako bakarrik”. Akonpainamendurako taldeak daude, doako aholkularitza juridikoa edota indarkeria matxista pairatzen dutenen taldea, iazko azaroan Irungo Emakumeen Etxean sortutakoa. Partekatu, eraldatu, jarraitu izena du talde honek eta helburua haien bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garaitu programa ere jaso dute kanpainan eta zerbitzu honekin arreta psikosozial, sozioedukatibo eta soziojuridikoa ematen diete indarkeria matxistaren eta sexu erasoen biktimei. Biktimen seme alaba adingabeei eta mendekotasun egoeran dauden haien ardurapeko beste pertsonei zuzendutakoa ere bada.
Askotan “ezkutuko indarkeria matxistak” identifikatzea zaila izaten bada, Alzagak gaineratu du adinak ere batzuetan ez duela horretan laguntzen. “Erlazioetako eguneroko kontu batzuk normalizatu egiten dira”. Zehaztu du horiek identifikatzen ez jakitea arazo bat dela ere bere horretan eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin.