Gobernu taldeak izan beharko lituzkeen lehentasunak zerrendatu ditu EAJk
Sei puntuko zerrenda osatu dute: Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra, etxebizitza, aparkalekua, kiroldegia, hurbileko gizarte zerbitzu irisgarriak eta mugikortasun iraunkorra.
Hondarribiko EAJ alderdi politikoak 2025 urteko lehen egunak baliatu ditu beren ustez gobernu taldeak izan beharko lituzkeen lehentasunak zerrendatzeko. “Gure ustez hauek dira gobernu taldearen agendan falta ezin direnak”.
Sei puntuko zerrenda osatu dute: Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra, etxebizitza, aparkalekua, kiroldegia, hurbileko gizarte zerbitzu irisgarriak eta mugikortasun iraunkorra.
Lehen puntuan, eta beraz garrantzitsuena, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) ezarri dute, haren mende baitaude, adibidez, Zubietako Campus Teknologikoa edota Mendelu auzoa.
HAPOren tramitazioa geldirik dagoela adierazi dute jeltzaleek: “Duela 20 hilabetetik ez da urratsik egin izapidetzean”. Baina gogoratu behar da Igor Enparan alkateak 2025 urteko Udal Aurrekontuak herritarrei aurkezteko egindako azalpenetan adierazi zuela azken urtean jasotako helegiteak HAPOn barneratzeko prozesuan aritu direla eta 2025 urte hasieran behin behinean onartzera eramango zutela.
Bigarren puntuan etxebizitza ezarri dute. Kasu honetan ere, HAPOren onarketa “ezinbestekoa” dela adierazi dute jeltzaleek. Etxebizitza eskuratzeko arazoa hondarribiarren “kezka iturri” dela oroitarazi dute. “Badakigu ez dela Hondarribiari bakarrik eragiten dion arazoa, baina Planaren izapidetzearen geldialdiak gero eta arazo handiagoa sortuko du”.
Hirugarren puntuan aparkalekua ipini dute, zehazki, lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko premia adierazi dute. Jeltzaleek, gainera, Javier Ugarteko lorategi azpian egitearen alde jarraitzen dute, “hirigune historikoan zein Portua auzoan bizi direnei zerbitzua emango dielako eta bisitatzen gaituztenei erdigunetik oso gertu aparkatzeko aukera emango dielako”.
Kiroldegia ezarri dute laugarren puntuan. Gobernu taldeari kiroldegia kudeatzeko moduari buruzko “informazio falta” leporatu diote eta xehetasunak emateko eskatu.
Gizarte zerbitzua hurbilekoa eta irisgarria izatea ere ezarri dute lehentasunen artean. Horretarako gizarte zerbitzuen bulegoak Muliatera lekualdatzeko prozesua bukatzea ezinbestekoa dela esan dute.
Azkenik, mugikortasun iraunkorraren alorrean Hondarribiak “urrats garrantzitsuak” egin dituela adierazi dute eta ildo berean programak exekutatzen jarraitu beharko litzatekeela uste dute.