Fernando Ferreñoren lana egongo da ikusgai Kabigorrin
'Inguruko paisaiak, giza paisaiak' erakusketa jarriko dute hilaren 16an eta otsailaren 22ra arte egongo da.
Fernando Ferreño marrazkilari autodidakta irundarraren margo erakusketa jarriko dute hilaren 16an Kabigorrin eta ikusgai egongo da otsailaren 22ra arte. Bi teknika erabiltzen ditu Ferreñok, akuarela eta pastela. Akuarelarekin egindako lanak inguruko lekuak gaiarekin lotu ditu, eta pastelarekin egindakoak, berriz, giza pasaia gaiarekin. Erakusketaren izena inguruko lekuak, giza paisaiak da.
Gai nagusia, baina, erretratatuen begirada dela azaldu du Ferreñok eta hainbat lekutakoak ekarriko ditu Irunera. “Jakina da zineko begiradak pertsonaiak ezagutzen ez dituen gertaeretara garamatzala, sekuentzian planoak zabalduz. Era berean, begiek eta, batez ere, begiradek asko esan dezakete gutaz, barrutik sentitzen duguna islatzen du, eta ezinbestean, inpaktu handia du komunikatzeko moduan”. Bestalde, figurazioari dagokionez, Bidasoko leku ezagunak marraztu ditu.
Ferreñok bere kabuz ikasi zuen marrazten eta olioarekin, pastelarekin eta akuarelarekin margotzen du. Gaur egun, Jaime Susin Cruz margolariak gainbegiratutako pastel eta akuarela teknikarekin egiten ditu lanak eta Javier Sagarzazu hondarribiarrak gainbegiratzen ditu.