Emakumeak errugbira animatzeko beste gonbita bat
12 urtetik gorako neskek Donostiako Aieten ahalko dute probatu errugbia larunbat honetan (hilak 11). Bestalde, Zaisa Txingudik Ligako lehenengo buelta bukatuko du asteburu honetan.
Urte berria lokatzetan hasi nahi duten neska nahiz emakumeek badute hitzordua Txingudi Errugbi Taldearekin. Izan ere, larunbat honetan (hilak 11), emakumeen artean errugbia sustatzeko modalitate berri batean parte hartzeko aukera egongo da, Donostiako Aiete errugbi zelaian.
Modalitate honetan bost jokalari arituko dira eta plakaketak mugatuta egongo dira. 12 urtetik gorako neskei zuzenduta dago, Gipuzkoa eta Euskadiko federazioek errugbia ezagutzen ez edo kirolarekin lehenengo kontaktuak izan dituztenei, hain zuzen.
Bide horretan, Txingudi Errugbi Taldea entrenamendu espezifikoak antolatu ditu eta ostiralero elkartzen dira Plaiaundin 17:00etatik aurrera. Dei egin diete neska gazte zein helduei kirola probatzera. Ez da aurretik izena eman behar, agertzearekin nahikoa da.
Zaisa Txingudi, gora egiteko xedez
Eguberrietan deskantsatu ondoren, indarrekin heldu diote urte berriari Zaisa Txingudiko mutilek. Ligako lehenengo itzulia bukatuko dute larunbat honetan (hilak 11) eta Iruñeko La Unica B izango dute arerio.
Pasa den urtea garaipen landu batekin itxi zuten Iñigo Camarero eta Leire Muñozen gizonek, baina baita lesionatuta dauden jokalariekin. Urte berriarekin lesionatutako jokalarien gehiengoa itzuliko da zelaira, baina faltan sumatzen jarraituko dituzte Iñaki Lantxo edo Keoma Pacheco, besteak beste.
Iruindarrak sailkapeneko laugarrenak dira gaur gaurkoz eta goiko postuetan amaitzeko helburua dute aurten. Txingudikoek, aldiz, azken postuetatik urruntzeko lan egiten jarraitzen dute eta zortzi punturekin azken aurreko postuan daude.