Zaintzaz, gaixotasunaz eta heriotzaz hausnartzeko antzezlana
'El patio de las moreras' antzezlana eskainiko dute Amaia KZn hilaren 11n, larunbata. Gaztelaniazko obra honetarako sarrerak eros daitezke jada.
Larunbat honetan (hilak 11) El patio de las moreras antzezlanaren txanda izango da Amaia KZn. Heriotzaz, gaixotasunaz eta zaintzaz hausnartzeko gonbidapena egiten du Sandra Ferrusen obra honek eta Vaiven Producciones konpainiako aktoreek antzezten dute.
Obra hau gaztelaniaz da eta 19:00etan hasiko da. Bertaratzeko sarrerak erosi behar dira 10 edo 15 euroan Amaia KZren orrialdean edota turismo bulegora gerturatuta. Sarrerarik geratzekotan, txarteldegian salduko dituzte emanaldia hasi baino ordubete lehenago.
Obrak Isabel pertsonaiaren istorioa kontatzen du: hogei urtez etxetik kanpo bizi izan da, baina jaioterrira itzuli da, ama zaintzen laguntzera, Amparo, gaixo baitago.
Isabelek hogei urte daramatza jaioterritik kilometro askora bizitzen, familiatik, sustraietatik eta haurtzarotik urrun. Ama, Amparo, gaixotu egin da, eta Isabel etxera itzuli da haren zaintzan laguntzeko, Candi ahizpak eta aitak arnasa hartzeko aukera izan dezaten, haiek baitira bertan bizi eta egunerokotasunaz arduratzen direnak. Bat- batean, etxea, usainak, soinuak, objektuak, argia… Vaiven Produkzioak herri txiki bateko familia xume bati ahotsa ematen dio; ez dakigu zein herri den, baina laranja lore usaina, pil-pil erara prestatutako bakailaoarena eta eltzeko madrildarraren usaina ere nahasten diren lekua da. Familia honek bere iragana eta oraina modu ausart eta konprometituan bizi ditu, eta elkar ulertzearen kantua eskaintzen digu.