Eguberrietan antolatutako ekintzen balorazioa egin du udalak
Balorazio baikorra egin eta 2025a proiektu "potoloz" beteta datorrela adierazi du gobernu taldeak.
Eguberriak igaro berri antolatutako ekintzen balorazioa egin du Hondarribiko Udalak. “Udal gobernutik Gabon garaia herrian geratzea aukera erakargarria izateko lanean ibili gara” adierazi dute. Hori dela eta, egindako ekintzen balorazio baikorra egin dute: Hondarribiko dendetan erosteko bonoak, gazteei zuzenduriko tailerrak, Euskal Azoka, Gabonetako merkatua eta bestelako aisialdi eta proposamenak eskaini dituzte. Hala nola, gazte eta ez horren gazteentzako urte zaharretako festa.
Dena den, bizikidetza bultzatuko duten praktiketan sakontzen jarraitu behar dutela gaineratu dute. “Adierazi nahi dugu, aurten ere, petardoen erabileran gehiegikeriak egin direla, zarata honekin sufritzen duten pertsona eta animaliei egoera jasangaitzak sorraraziz”. Eta hori gutxi balitz, urte zaharreko festan DJ VIVek jasandako eraso matxista salatu eta elkartasuna adierazi dute udaletik.
2025a proiektu “potoloz” beteta datorrela esanez bukatu dute balorazioa, “Hondarribiak aurrera egin dezan estrategikoak diren proiektuak eta herritarren parte hartzea eskatuko dutenak”.