Zuhaitzak kimatzeko kanpaina berria abiatu du udalak
Aurrekontua 306.000 eurokoa da eta udaberrira arte iraungo du kanpainak. Guztira eremu urbanoko 500 zuhaitz kimatuko dira eta 980 inausi.
Irungo Udalak kanpaina berri bati ekin dio Irungo zuhaitzak kimatzeko eta mantentzeko. Lan horietara 306.000 euro bideratu dituztela esan du gaur Jon Ugarte Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak.
Aurrekontu honekin zuhaitzak ordeztu egingo dituztela ere azaldu du, eta tartean, Artiako ezkiak ordeztuko dituzte. “Orain lurra prestatzen ari dira horretarako” adierazi du Ugartek. Diru zorro hau ikuskaritza lanetarako erabiliko dute ere, zuhaitzen garapenaren fase guztietan.
Urbanizatutako inguruetako zuhaitzei begirako kanpaina dela zehatu du Ugartek, eta gaineratu du ingurune naturalean daudenek ez dutela kimatze beharrik. «Kimatuz gero onddoen kolonizazioa handituko litzateke eta arazoak ekarriko lituzke». Irunen dauden zuhaitz genero nagusia platanoak dira, 1.755 unitate eta hiriko zuhaitz guztien %11,38 dira. Gehiengoak betulazeoak dira, hiriko zuhaitz guztien %16.
Errosazeoak zuhaitzen %12 osatzen dute. Horien artean daude sagarrondoak, udareondoak eta Prunus generokoak. Haiekin batera oso presente daude likidanbarra, lizarra eta ezkia.
Irizpideak
Hirian 15.000 zuhaitz badaude ere, guztira 980 inausi, 500 inguru kimatu eta segurtasunerako 480 inausiko dituzte. Nagusiki platanoak kimatu behar dira eta horiek %4 baino gutxiago dira.
Udalak kimaketak egiteko irizpideak zeintzuk diren ere azaldu du. Zehaztu dute zuhaitzei hosto edo fruituak erortzea eta zuhaitzek bistak ezkutatzea, itzal egitea edo izurri edo gaixotasunen bat izatea ez dituzte kontutan hartuko inausteko arrazoitzat. Hona hemen irizpideak, hitzez hitz:
- Zuhaitz jakin baten egitura muga batzuen barruan sartzea eta zuhaitzen arteko eta zuhaitzen eta inguruko seinale, semaforo, eraikin eta azpiegituren arteko gatazkak minimizatzea.
- Egoera txarrean edo hilik dauden adarrak ez erortzea, trafikoaren eta jendearen segurtasuna bermatzeko.
- Ale gazteak formatzeko inausketak.
Udaberria iritsi bitarte egongo da martxan kanpaina hau eta zuhaitzen bat kimatzeko eskaria egin dezakete herritarrek. Horretarako, Irungo Udalaren orrialdeko abisu, kexa eta iradokizunen atalera jo behar da. Herritarrek askotan eskatzen duten zerbitzua dela azaldu du ordezkariak eta iradokizunak “arretaz” aztertzen dituztela nabarmendu du.