'Zinzindurrunkarratz' dokumentala Irunera iritsiko da
Oskar Alegriaren dokumentala proiektatuko dute ostiral honetan (hilak 10), Amaia KZn. DokuIrunen zortzigarren edizioa hasiko da horrela.
DokuIrun zinema dokumentalaren zortzigarren edizioa hasiko da ostiral honetan, hilak 10, eta Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz proiektatuko dute. Amaia KZn izango da aurtengo edizioa ere, eta kasu honetan, 19:00etan. Aldez aurretik gonbidapena lortu behar da bertaratzeko, nahiz eta doakoa izan eta horretarako Amaia KZren webgunera jo behar da edo bertako leihatilara joan emanaldia baino ordubete lehenago.
Dokumentalaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera egongo da eta oraingoan Ander Izagirre kazetari eta idazleak gidatuko du. Hurrengo hitzordua otsailaren 7an egingo da, 19:00etan eta A los libros y a las mujeres canto eskainiko dute. Martxoaren 14an, berriz, Aun es tiempo de feminismo, 19:00etan. Apirilaren 4an Scooter dokumentalaren txanda izango da.
Zinzindurrunkarratz
Super 8 formatuan grabatutako lana da Alegriarena eta aitona amonek Nafarroako Artazu herriko mendietan ibili zituzten bidexketara itzuliko da, familiaren memoria berreskuratzeko.Filmak zubiak zabaltzen ditu Jonas Mekas zuzendari ospetsuaren filmografiarekin.
Irudi mutu eta soinu itsuetatik abiatuko da Alegriaren lanaren izenburuak, eguneroko gisa eraikitakoak, brisaren (zinzin), erortzen den harri bat (durrundurrun) eta tximista batek jotako gailur bat (kurruzkarratz) euskarazko ahoskera onomatopeikoari egiten dio erreferentzia.