Urte Berriko Squash Txapelketa jokatuko da asteburuan
Lur Alai klubak antolatu du eta banakako txapelketa izango da. Artalekun jokatuko da eta guztira 20 jokalari arituko dira jokoan.
Lur Alaik Urte Berriko Txapelketa antolatu du asteburu honetarako, hilaren 10etik 11ra. Pasa den hilean taldekako txapelketa egin ondoren, banakakoaren txanda izango da oraingoa. Artalekun egingo da eta ostiral arratsaldean hasi eta larunbat eguerdian bukatuko dute.
Guztira 20 jokalarik eman dute izena eta helduen kategoria eta umeen kategorietan bereizi dira. Infantiletan zortzi haur egongo dira eta helduak 12 izango dira. Helduetatik bi izango dira emakumeak, baina mistoa da lehiaketa.
Antolatzaileek salatu dute bi egunetara luzatu behar izan dutela txapelketa hiru squash pista ez direlako nahikoa. Izan ere, udalak pistetako bat ixteko erabakia hartu du. Egun bakarretik bi izatera pasatzeak “izen ematean” eragina izan du, askoz jende gutxiagok eman dutelako izena. Berretsi egin dute pistaren itxierak “mina” eman diela.