Euskarabentura aurkeztuko dute Irunen hilaren 9an
Ekimen hau 15 eta 17 urteko gazteei begirakoa da eta udaran egingo da. Aurkezpena Amaia KZn egingo dute, etzi.
Euskarabentura udaran egiten den ekimena da eta 15 eta 17 urte bitarteko 125 gaztek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatzen dituzte oinez eta helburua euskararen erabilera sustatzea da. Aurten egingo den edizioari buruz informazioa nahi duenak hitzordua dauka Zure Abenturaren Bilan, hilaren 9an, Amaia KZn.
Saio honetan, iazko edizioaren laburpen bideoa proiektatuko dute, 19:00etan. Halaber, aurtengo edizioari buruzko informazioa emango dute ere, antolatzaileen solasaldi baten bidez. Sarrera doakoa da, plaza guztiak bete arte.
Aurten, Atharratzen hasi eta Getxon bukatuko da espedizioa eta guztira 783 kilometro egingo dituzte; horietatik 483 oinez eta gainontzeko zatiak autobusez edo trenez. Orotara 31 etapa egingo dituzte.
Ibilbidean zehar Donejakue Bideko hiri ibilbideak zeharkatuko dituzte eta UNESCOk Gizateriaren Ondarearen izendatutako eremuak bisitatuko dituzte ere: basoak, hondartzak, museoak, gari zelaiak, kobazuloak, portuak, herriak, baserriak etab.
Hainbat alorretako profesionalek kolaboratuko dute Euskarabenturan, hala nola, musikariak, aktoreak, soziolinguistak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, kirolariak edota idazleak. Asmoa, haien ezagutza partekatzea da, ezagutzak trukatzeko.
Izen ematea
Euskarabenturan izena emateko epea zabalik dago jada eta horretarako bideo pertsonal bat bidali beharko dute interesdunek, martxoaren 5a baino lehen. Haien orrialdera sartu behar da inskripzioa ahal izateko.