EH Bildu: "Zein da udal gobernu honen hiri eredua?"
Iazko urte politikoaren balantzea egin du EH Bilduk eta udal gobernuaren aldaketa nabarmendu duten arren, EAJk eta PSE-EEk gobernatutako beste erakundeen Irunekiko "apustu falta" salatu dute.
Irungo EH Bilduk 2024ko urte politikoaren balantzea egin du eta garaipena oroituz hasi dute: “Hauteskunde ziklo luze bati emaitza historikoekin amaiera eman genion pasa den apirilean, 5.945 bozkekin Irungo bigarren indarra izateraino”. Hauteskundeetan jasotako babesa bihotzez eskertu eta balioan jarri dute.
Ondoren, Irungo Udalari eta udal gobernuari begira jarri dira, eta oro har, “aldaketa nabarmenak” egon direla uste dute. Batetik, alkate eta udal gobernu talde berria osatu da eta aldaketa hauek “aukera leihoak” ireki dituzte. Era horretan, “bestelako hiri eredu baterantz aurrera egiteko” eta “azken urteetan pilatu diren hainbat gai eta proiektuei irtenbideak bilatzeko” lan egiten aritu da koalizio subiranista.
Hainbat helburu lortu dituztela ere adierazi dute. Etxebizitzaren arloan, Irungo etxebizitza politiketan “norabide aldaketa garbi bat” eman da, babes publikoko etxebizitzen eta nagusiki alokairuzko etxebizitza publikoen aldeko apustua eginez. Irun Tentsio Handiko Eremua izendatzearekin orain arteko lanari jarraipena eman diote “etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatuta” egoteko.
Bestalde, iazko abenduko osoko bilkuran PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute zergak eta tasak era progresiboan ordain daitezen. Horrela, errentaren araberakoa izango da udal tasen eta zergen ordainketa eta Oihana Briones EH Bilduko ordezkariaren arabera, desoreka sozialak orekatzeko helburua duten plan integral baten bidez aplikatuko da zergen eta tasen kobrantza berria. Bestalde, Oinaurreko hirugarren anbulatorioa egin bilakatuko dela txalotu dute.
Dena den, beste gai batzuetan “inertziazko kudeaketa” egin dela deitoratu dute abertzaleek, eta “herri erronkei etorkizunera begira erantzun beharrean” uste dute udal gobernuak “inongo erabakirik hartu gabe” erantzun duela. Erabaki horiek zeintzuk diren ere zehaztu dute: “alardea, euskal kulturgintzan azaleratu den ezinegona, kirol azpiegituren plangintza falta, edota euskararen babesari dagokionean”.
Inertzia horiei aurre egiten “lan handia” egin dutela berretsi du koalizio abertzaleak eta beste hiri eredu baterantz bidea egiteko, aurrekontuetan jarri dute fokua eta horietan “herritarrentzat garrantzitsuak” diren gaiak landu dituzte: “etxebizitza, auzoak eta kirol azpiegiturak, besteak beste”. Hala ere, ez dira 2025eko udal aurrekontuak onartu eta horren aurrean EH Bilduk udal gobernuari galdetu dio ea zein den udal gobernu honen hiri eredua.
Udal aurrekontuak ez onartu izana ez dela izan PSE-EEren udal gobernuaren “hutsegiterik handiena” iritzi dute abertzaleek eta gainontzeko erakunde publikoek Irunekiko duten “apustu falta” handiagoa dela nabarmendu dute. “Beste urte batez, Txenpereneako atletismo pisten proiektuak, Irungo Areto Moldakorrak edota Hego Saihesbidearen bigarren faseak ez dute finantziazio nahikorik”.
Proiektu horiek Irungo EAJk eta PSE-EEk babesten dituzten arren, alderdi horiek kudeatutako beste erakundeek ez dutela proiektu hauen aldeko apusturik egin salatu du EH Bilduk. “Eta, kaltetuak, betiere, hiritarrak izaten jarraitzen dute. Hori izan da, aurten ere, Irungo EAJren eta Irungo sozialisten gabezia nagusia”.
Azkenik, aurrera begira jarri da koalizioa, “legegintzaldia luzea” delako eta uste dute oraindik “garaiz” daudela “hiriak dituen erronkei anbizioz eusteko eta hiri hobe baterantz bidea egiteko”. EH Bilduk “bide horretan lanean jarraitzeko eta akordio zabaletara iristeko” konpromisoa berretsi du.