San Lorentzo urmaelako lanen arrasto falta salatu du Eguzkik
Ez dira lanekin hasi oraindik eta etengabeko atzerapenak egon direla salatu dute. Parkearen abandonua ere izan dute hizpide.
Kronologia bidez oroitu du Eguzki Talde Ekologistak San Lorentzoko urmaela handitzeko lanak ez direla hasi eta horien arrastorik ere ez dagoela. Etengabeko atzerapena salatu dute. Horretarako, 2021era jo dute eta Arantxa Tapia garaiko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak lanak urte hartako bigarren seihilekoan hasiko zirela adierazi izana ekarri dute.
Dena den, proiektua idatzi zutenean ez zituzten kontutan hartu “eremuaren berezitasun geoteknikoak eta morfologikoak” eta ondorioz, egokitzapen lan handia egin behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak. Gero, 4,6 milioi eurok lizitazioa aurkeztu zuen Tapiak eta haren aurreikuspenen arabera 2022ko udan hasi behar zuten lanekin. “Ez ba; 2022ko udan ere ez ziren hasi”.
Lanak atzeratzeko arrazoia Espainiako gobernuak lanak bere gain hartzeko proposamena dago Eguzkik azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzak proposamen hori onartu zuen eta lan hauetara bideratzea asmo zuen dirua, berriz, Txingudiko Plan Bereziko beste proiektu batzuetara bideratzea erabaki zuen.
Beraz, San Lorentzoko urmaelaren lanen gidaritza Espainiako gobernuarena izatera pasa zen eta 2023ko udazkenean esleitu zituzten lanak eta 2023ko abenduan edota 2024ko urtarrilean hasiko zirela lanak baieztatu zuten. “Baina 2023 pasatu zen, 2024 pasa den bezala eta San Lorentzo urmaela handitzeko proiektua oraindik ez da gauzatzen hasi”.
Eguzkik gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 2014an Txingudiri buruz egin zuen diagnostikoan “premiazko lehentasunezkotzat” jo zituela lan hauek eta gaur gaurkoz proiektua zertan den jakiteko informazio argirik ez dagoela deitoratu dute, “nahiz eta eskatu”.
Bestalde, 1994an Txingudi Antolatzeko Plan Berezia onartu zenetik hura hamaika aldiz urratu dela eta kudeaketa gabeziak egon direla salatu dute. Horren adibidetzat jarri dute San Lorentzoko proiektua, baita Plaiaundiko kirol instalazioak azken 30 urteetan kendu ez izana.
Bide horretan, udalbatzak 2018an onartu zuela kirol instalazioak Txenpereneara aldatzea gogoratu dute. “Bagenekien leku aldaketa ez zela egun batetik bestera gauzatuko, baina, kontxo, geroztik sei urte pasatu dira, sei urte, eta badirudi asmoa oraindik oso berde dagoela”.
Bestalde, baina, oso aurreratuta daudela Pierre Lotin bidegorria egiteko lanak eta Plaiaundiko aparkalekuak birmoldatzeko lanak alderatu dute. “Parkeak berak, berriz, gero eta abandonu zantzu gehiago ditu. Argi dago parkearen mantenua zein Txingudiko planen betetze maila eskasa dela. Ea 2025ean” bukatu dute.