Bidasoko Ikaskuntzen Aldizkariaren ale berri bat kalean da
Luis de Uranzu Kultur Taldearen 32. aldizkaria da aurten publikatutakoa eta zortzi testu bildu dituzte.
Bidasoko Ikaskuntzen Aldizkariaren 32. zenbakia argitaratu du Luis de Uranzu Kultur Taldeak (LUKT) eta haren aurkezpena egin dute San Juan plazan Nuria Alzaga Kultura ordezkariarekin batera parte hartu duten hainbat egile: Paul Estomba, Juan Carlos Jimenez Aberasturi eta Pedro Barroso.
Halaber, Marina Mateo Real egon da, bere aita Antonio Mateo Realen ordezkari gisa, Francisco Javier Zubiaur Carreño egileak liburuaren lehen titulua eskaini baitio.
Ale hau kaleratzeko Irungo Udalaren laguntza jaso du elkarteak eta guztira 300 orrialde ditu. Orotara zortzi artikulu ditu, gai askotako zortzi egilek sinatuak: 1934ko urriko Iraultza Irunen, Errenterian eta Hernanin; Alemaniaren okupazioa Euskal Herrian; eta udal trantsizioa Hondarribian.
Liburua 28 euroan dago salgai Irungo liburu dendetan eta kioskoetan. Aldiz, LUKTeko bazkideentzat 23 eurokoa da prezioa. Hona hemen argitalpen berrian irakur daitezkeen artikuluak:
- Antonio Mateo Real margolaria; idazlea: Francisco Javier Zubiaur Carreño.
- Kostaldeko bidea; idazlea: Jose Ramon Gebara.
- 1934ko urriko mugimendua Irunen, Errenterian eta Hernanin; idazlea: Paul Estomba.
- Europa nazitik ihesi: pasatzeko sareak, aliatuen zerbitzuak eta euskal kontrabandistak; idazlea: Juan Carlos Jimenez de Aberasturi.
- Alsace-Lorraine sarea eta Leku Eder; idazlea: Irkus Robles Arangiz Bernaola.
- Alemaniaren Euskal Herriko okupazioaren aztarnen bila; idazlea: Juan Carlos Jimenez de Aberasturi.
- Mugako pasabidea gerraostean (1948). Borroka antifrankistaren garaiko krimen bat; idazlea: Mikel Zabaleta.
- Udal trantsizioa Hondarribian (1973-1979); idazlea: Pedro Barruso Bares.