2024. urtearen "balantze positiboa" egin du EAJk
Bozeramaile eta udal talde politikoaren aldaketaren urtea izan da jeltzaleentzat. Halaber, udal gobernuari lanean jarraitzeko eskua luzatu diote.
EAJk 2024ko urte politikoaren “balantze positiboa” egin du eta nabarmendu egin du bai bozeramaile aldaketa– Xabier Iridoitik Gorka Alvarezera– eta udalbatzako talde politikoko kide batzuen aldaketa– Urkiri eta Jose Corchon joanda, Maite Cortina, Irene Kastezubi eta Carlos Martin batu dira–.
Iridoik azken 13 urteetan “funtsezko lana” egin duela adierazi dute, “Irunek benetako alternatiba politiko bat izan zezan”. Bide horretan, Alvarez bozeramaileak uste du 2024. urtea “urte garrantzitsua” izan dela “hainbat aldaketa” medio. “Hiriaren onerako beti lan egingo duen talde bat eratu dugu, beti egin dugun bezala eta datozen hilabeteetan egingo dugun bezala”.
Bozeramaile aldaketa egin aurretik gobernu programa bat eskaintzeko aritu ziren lanean, baina proposamen horren lanketa PSE-EErekin negoziazioak eten zituztenean bukatu zituztela oroitu dute. “Gobernagarritasun proposamenean, EAJk beti jarri ditu herritarrak aurretik, irundarrek eta hiriak dituzten beharrei irtenbideak bilatuz”.
Dena den, eskua luzatuta dutela adierazi dio Alvarezek Irungo udal gobernuari “beti Irunen alde hitz egiteko eta, horrela, hirirako aurrekontu akordio on bat lortzeko”.
Jarraian, zein gaietan lanean jarraituko duten adierazi dute. Hala, Segurtasun eta Bizikidetza Ituna ere izan dute hizpide eta azken hamabi hilabeteetan udal gobernuak ez duela honetan aurrerapausorik eman salatu dute. Bestalde, kirol eta kultur azpiegituretarako adostasuna bilatzen jarraituko dutela berretsi dute “erakunde guztiak bilduko dituzten benetako proiektuetan lan eginez”. Txenpereneak errealitate izan behar du “lehenbailehen” jeltzaleentzat.
Bidasoko Osasun Laguntzaren Plan Integralaren gainean esan dute aurten ikusiko direla lehen ekintzak “estaldura hobea” emateko bidean. Horretarako, erakundeen eta gizarte eragileen lana behar izan dela aitortu dute.
Amaitzeko, 2025a herritarrek “udalaren lan eraginkorra” ikusteko urtea izango dela uste dute eta horretan lanean aritzeko ere eskua luzatuta du EAJk.