Adinekoen bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa abiatu du udalak
Zabalduz Kooperatibak duen 'Auzosare' proiektua martxan da Hondarribian. 60 urtetik gorako pertsonen bizi kalitatea eta gizarteratzea hobetzeko helburua du.
Bakardade egoeran dauden 60 urtetik gorako pertsonen bizi kalitatea eta gizarteratzea hobetzeko helburuarekin abiatu dute Hondarribiko Udalak eta Zabalduz Kooperatibak ‘Auzosare’ proiektua. Proiektuaren hastapenetan 3 hezitzaile arituko dira zerbitzua ematen.
Proiektua abiatzeko arrazoietako bat bakardadeari aurre egitea dela adierazi du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Haren ustez bakardadeak herritarren osasuna eta gizarteratzea okertzea eragiten du eta “bakardade egoeran pertsona asko dagoen arren, askotan ez gara konturatzen zenbaiterainoko larritasuna suposatzen duen”.
Egitasmo honetara heltzeko bide luzea egin dutela azaldu du ere. Bakardadeari aurre egiteko proiektu baten bila aritu ziren iaz. Foru Aldundiko Adinberri Fundazioarekin harremanetan jarri eta horri esker Zabalduz Kooperatibak duen ‘Auzosare’ proiektua ezagutu zuten. Egitasmoaren eraginkortasunaz jabetu eta beste herrietan izan dituen eragin positibo horiek Hondarribian zabaltzeko apustua egin dute.
Proiektuak hiru lan lerro nagusi ditu: Detekzio goiztiarra eta jarraipena, sentsibilizioa eta eskuhartze profesionala. Sentsibilizazioa komunitateko bolondres eta eragile komunitarioen bidez egiten dute. Azken horiei auzozainak deitzen diete.
2024ko abenduaren 23an egindako Gobernu Batzordean onartu zuten ‘Auzosare’ egitasmoa, alderdi politiko guztien babesarekin, eta dagoeneko martxan da.