75 urtetik gorakoen isolamendua prebenitzeko programa, martxan
Bi hiruhilekotan bereizita dago eta "funtsezkoa eta gertukoa" da laguntza emateko. Dagoeneko iragarri dituzte lehen tailerrak.
Beste urte batez eutsiko dio Gizarte Ongizate arloak 75 urtetik gorakoen isolamendua prebenitzeko eta narriadura kognitiboa prebenitzeko programa. Sandra Caballero ordezkariaren esanetan “funtsezko programa” da, gertukoa den bezala. Asmoa, konfiantzazko eremuak sortzea dela azaldu du Caballerok eta horretarako pertsona bakoitzaren kasura hurbiltzen dira.
Programa bi fasetan dago bereizita eta urtarriletik ekainera eta uztailetik abendura egingo da. Halaber, hiru talderi zuzendutakoa da programa; batetik, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei; bigarrenik, 2024an bakarrik bizitzera pasatu diren pertsonei; eta azkenik, bakarrik bizi diren eta babes sozialik ez duten 75 urtetik gorako pertsonei, baldin eta udalak arreta behar dutela haien inguru partikularra medio.
Lehen eta bigarren hiruhileko kanpainetan gutun bat bidaltzen diete 75 urteko herritarrei eta bertan programaren berri emateko Amagoia Caballero psikologoa haiekin jarriko dela harremanetan aurreratzen diete. Dei horren bidez elkarrizketa pertsonalizatu bat egiteko proposamena egiten zaie, eta elkarrizketa hau etxean bertan edo kanpoan izan daiteke.
Elkarrizketa horietan udalaren baliabideak zeintzuk diren jakinarazten du Caballerok, eta estimulazio kognitiboko eta trebetasun eta abilezia sozialak sustatzeko tailerretan parte hartzeko gonbita luzatzen diete isolamendu eta bakardade adierazleak dituztenei.
Tailer bakoitza ordu eta erdikoa izaten da eta horietan estimulazio kognitiboa lantzen dute, askotariko jardueren bidez. Esate baterako, arreta, kontzentrazioa, lengoaia, funtzio exekutiboak eta abar lantzen dituzte. Abilezia sozialak ere lantzen dituzte, arreta jarriz emozioen doitzean, asertibitatean, komunikazioan, entzute aktiboan eta enpatian.
Tailer hauek adinekoen zentro sozialetan egiten dira; astelehenetan, Palmera Monteron, 10:00etatik 11:30era; Irason, asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era; Lekaenean, asteazkenetan, 12:00etatik 13:30etara. Aurten, baina, auzo elkarteetara ere hedatuko dira: Artiako auzo elkartean, astearteetan, 10:00etatik 11:30etara; Elitxu auzo elkartean, astelehenetan, 16:00etatik 17:30etara.
Informazio gehiagorako 673 021 994 telefono zenbakira deitu behar da.