Euskaldunen eskubideak bete behar direla aldarrikatu dute San Tomas egunean
San Tomas eguna ari dira ospatzen Irunen. Egun osoko egitaraua ondu dute gaurko egunerako, eta jai giroa ez da gauera arte geldituko.
San Tomas egunaren aitzakian, jende ugari elkartu da Irungo Urdanibia plazan. Musika, azoka, tailerrak, taloak… denentzat dago zer egina gaurko egun osoan zehar Irunen.
Goizeko bederatzi eta erdietan hasi dute eguna irundarrek, eta gaueko hamaikak aldera arte ez du festak etenik izango.
Eguerdian, besteak beste, Landetxako elkartearekin batera Irun Kantuan ekitaldia egin dute Moskun, eta aipagarria da Oskorri taldearen ‘Euskal Herrian euskaraz’ kantuaren unea. Izan ere, letra aldatu diote abestiari, eta ‘Euskal Herrian euskaraz’ esan beharrean, ‘Irun herrian euskaraz’ abestu dute.
Keinu horrek harreman zuzena du pasa den hilaren 4an Irungo Eguberrietako argiak pizteko ekitaldiarekin. Ekitaldia gaztelania hutsean izan zen, eta Irungo 35 elkartek salatu zuten hiriko euskaldunei “ezikusiarena” egin izana.
Irunen izan da HITZA; jarraian gaurko eguneko zenbait irudi eta bideoa.
- 18:30: Irungo Musika Kontserbatorio eta Eskolaren emanaldia.
- 19:00: Auntxa Trikitixa Taldearen emanaldia.
- 19:30: Ibarla Meaka Dantza Taldearen emanaldia.
- 20:00: Kemen Dantza Taldearen emanaldia.
- 21:00: Burrunba Elektrotxaranga.
- 23:00: Goxua N’ Salsa taldearen kontzertua.