2025ean, TAO zerbitzua Larreaundi, Artia, Elizatxo eta Gal eremuetan
Udalak esleitu du lau eremu berrietarako TAO zerbitzua kudeatzeko kontratua. 2025 urtea hastearekin batera aktibatuko da, eta beste eremuekiko ordutegi ezberdina izango du.
Irailean iragarri zuen Irungo Udalak TAO sistema eta zerbitzua ezarriko zuela 2025 urtea hastearekin batera Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremuetan. Bide horretan, udalak esleitu du ibilgailuen aparkaldi mugatu eta kontrolatuaren erregulazio zerbitzua eta Valoriza Servicions Medioambientales S.A-k kudeatuko du. Bi urteko iraupeneko kontratua da eta beste urtebete luza daiteke.
Kontratu berriarekin, hiriaren erdialdean ez dauden auzoen aparkamendu beharrei erantzun nahi diote, auzo horien tipologia eta behar ezberdinengatik. Udalaren arabera, azken urteetan egin dituzten azterlanetan oinarritu dira kontratu honetan “berritasunak eta aldaketak” txertatzeko. Horrez gainera, auzo elkarteekin “entzute prozesua” egin dutela azaldu du.
Ia Irun osora hedatuko da TAO
Beraz, lau eremu berri sartuko dira TAO sisteman: Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal. Eremu horietan jartzeko, 2022an eta 2023an egindako azterlanetan oinarritu dira. Horietan aparkatzeko lekuen “defizit handia” identifikatu zuten eta horregatik erabaki dute TAO zerbitzua eremu horietan ere ezartzea.
Azterlanaren arabera, aparkatzeko lekuek okupazio handia dute eguneko ordu askotan eta asteko egun guztietan. Bertan bizi ez diren pertsona askoren ibilgailu asko ere identifikatu zituzten –eremu mugakideetakoak eta Irungo beste eremu batzuetakoak–. Aparkatutako ibilgailu horiek “gutxi” mugitzen zirela ere ikusi zuten. “Hortaz, udaletik Ficobako disuasio aparkalekuaren erabileraren sustapena azpimarratu nahi da”, gaineratu dute.
Bigarren fase hau martxan jartzen dutenean, 1.196 plaza urdin, 6.473 plaza berde, 23 plaza gorri eta egoiliarrentzako 380 plaza zuri egongo dira Irunen. Guztira, 8.072 plaza. Hartara, egoiliarrentzako plazak 190etik 380ra pasatu dira, aurreko kontratuarekin alderatuta. Aldaketa gehiena Pio XII, Santiago-Beraun, Behobia, San Migel eta Pinudi Antzaranen.
Arautze berria
Lau plaza mota definitu dira araudian:
-
Eremu urdina: ibilgailua gehienez ere 120 minutu (2 ordu) utz daiteke plaza hauetan; egonaldi labur horiek funtzionalki erabilera tertziariokoak diren sektoreetan aplikatuko dira.
-
Eremu berdea: gehienez ere 270 minutuko egonaldiak baimenduko dira (4,5 ordu), lantoki inguruetako lanegunetako eskaerari erantzuteko.
-
Eremu gorria (txandakatze altuko eremua): eremu hauetan doan aparkatu daiteke, baina 15 minutuz gehienez ere, eta ezingo da doako beste txartel bat hartu 3 ordu igaro arte.
-
Egoiliarrentzako eremua (zuria): eremuko egoiliarrek bakarrik aparka dezakete plaza hauetan.
Ordutegiak
TAO eremu berrietan ordu amaiera ezberdina izango da. Udalak azaldu duenez, auzo horietako bizilagunak lanetik bueltatzen direnean bukatzen da TAO ordua, 18:00etan, hain zuzen ere, eta ez 20:00etan, gainontzeko eremuetan bezala. Kasuan kasuko TAO zerbitzua egituratzen saiatu direla adierazi dute, bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzea lortu nahian, eta inguru bakoitzeko bertakoak lehenetsiz.
1-2-3-4-5-6-8-9-12 eremuetan:
- Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 13:30etara eta 15:30etatik 20:00etara
- Larunbatetan: 09:00etatik – 13:30etara.
13 – Belaskoenea | 14 – Artia | 15 – Larreaundi | 16 – Elizatxo | 17 – Kostorbe-Gal eremuetan:
- Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 13:30etara eta 15:30etatik 18:00etara.
- Larunbatetan: Kontrolik gabe.
7 – 10 – 11 eremuetan:
- Astelehenetik igandera: 09:30etatik – 19:30etara (ordutegi jarraitua).
Eremuen kontrola
Eremu guztietako ibilgailu guztiak kontrolatuko dituztela ohartarazi du udalak, tiketik edo txartelik gabeko ibilgailuak, ordaindutako denbora gainditzen dutenak, egoiliarrentzako eremuak, egoiliarren kontrola etab.
Enpresa esleipendunak araupeko eremuetan behar ez bezala aparkatutako ibilgailuen zaintza ere gauzatuko du (bigarren ilaran, zebrabideetan, espaloi gainean, zamalanen eremuan…). Udaltzaingoari jakinaraziko diote. Eremu urdin, berde eta zurietarako visual car direlako autoen bidezko kontrol sistema automatizatuak aurreikusi dituzte.
Bestalde, ordaintzeko makinan mantendu egingo dituzte, pantailak eguneratu eta ordezkatuta. Eremu berrietan, berriz, tiketa ordaintzeko makinak instalatuko dituzte, haien arteko 75 metroko tartearekin.
Mugikorrerako aplikazio bat ere martxan egongo da, eta orain artean bezala, IOS eta Android sistema eragileekin bateragarria izango da. Aplikazio honek doakoa izaten jarraituko du.