"MSTk egiten duena Euskal Herrian ere egin daiteke"
Kolonoek kendutako lurrak berreskuratu eta herriarenak izateko borrokan dabil MST. Lurraren defentsa ere egiten dute, eta Brasil osoan milioi erdi kide daude antolatuta. Ione Fernandez Zabaletak bertako borroka eta lana ezagutu ditu.
Urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatu beharrean, Irungo Lakaxita Gaztetxean internazionalismoa nagusitu zen. Bertan izan zen Ione Fernandez Zabaleta. Uda honetan Brasilgo Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) mugimendua (Lurrik Gabeko Langileen Mugimendua) ezagutzen egon baita, lan internazionalista egiten. Elkarrizketa hau Antxeta Irratian argitaratu zen aurretik.
Lakaxitan, Hispanitatearen Egunean, ospatzeko deus ez dagoela aldarria partekatu zenuen Brasilgo esperientzia internazionalista oinarri izanda.
Bor-bor Hausnarketa Kolektiborako Plazak ireki zituen jardunaldi internazionalistak, eta horren barruan Gure heroiak liburuaren aurkezpena egin zuen Axier Lopez kazetariak. Gure heroi kolonialen inguruan, gure kaleetan zer hausnartu eta zer egin berrikusi genuen. Gero, esan bezala, MSTren edo lurrik gabekoen mugimenduaren gainean hitz egin nuen. Nirekin batera elkarrizketara etorri ezin izan den beste kide batek bere esperientzia internazionalistaren inguruan hitz egin zuen, bere kasuan, Venezuelakoa.
Lurrik Gabeko Mugimendua aipatu duzu (MST). Zer dago horren atzean?
Duela berrogei urte sortu zen mugimendu bat da, eta milioi bat eta erdi biztanle artikulatzen ditu Brasil guztian zehar. Brasil oso handia da, Europa baino handiagoa, eta hainbat estatu ditu. Horietako gehienetan errotuta dago MST mugimendua, eta horren helburua da lurrak berreskuratzea bizi ahal izateko. Baina, horretarako, agian, pauso bat atzera eman behar dugu, eta Brasilen inguruan zertzelada batzuk eman behar ditugu jakiteko zergatik da MST Brasilen. Izan ere, Brasilgo testuingurua ulertu gabe zaila da MST bezalako mugimendu bat ulertzea.
Zein da Brasilgo testuingurua?
Brasil nagusiki portugaldarrek kolonizatutako eremu bat izan zen. Gero, Europako beste herrialde batzuk ere han izan ziren. Beste herrialde batzuetan badago oraindik bertako herrialdetako edo jatorrizko herrialdetako biztanleria. Brasilen kasuan bertako denak hil zituzten, eta gutxi batzuk Amazoniako barnealdera joan ziren. Bertan oso-oso gutxi batzuk bizi dira. Beste guztia, aldiz, ondoren etorritako jendeak okupatua du.
Zeintzuk dira bertara joan ziren horiek?
Alde batetik, kolonoak; beste aldetik, esklaboak. Brasil da esklabotza handiena izan zuen herrialdea, eta hortik abiatuta, gaur egun dagoen biztanleria kolono ohien oinordekoak dira. Baita esklabotza egiten aritu zirenen oinordekoak ere. Horrek klasismo eta arrazismo izugarria eragin zuen. Brasilen jende asko beltza da. Hemen, gutxi gorabehera, antzekotasunak daude bizi kalitatearen mailan batzuen eta besteen artean, baina han diferentzia izugarri handia da; txiroak oso txiroak dira, eta aberatsak oso gutxi eta zuriak dira. Brasil mundu mailako potentzietako bat da, eta horrek esan nahi du diru asko dagoela bertan. Metropoli handietan bizi da jende gehiena, eta oso gutxi dira landa eremuan bizi direnak.
Hirietako kaleetatik ikusten duzuna txirotasuna eta miseria da. Baldintza oso prekarioan bizi dira, eta egoerarik okerrenean beltzak daude. Errealitate horretan oso begi bistakoa da erlazio zuzena dagoela arrazakeria eta klasismoaren artean. Hemen iruditzen zait disimulatuagoa dagoela hori. Bai, diskurtsoan adierazten dugu arrazakeriak badaukala zerikusia klasismoarekin, baina agian lan intelektual handiagoa egiten dugu, ez baita hain agerikoa. Brasilen ez da behar inolako filosofia jakintza handirik arrazismoaren eta klasismoaren harremanaz konturatzeko.
Zer defendatzen du MST mugimenduak?
Lurrik Gabeko Mugimenduak baditu bi helburu. Batetik, lurra berreskuratu eta babestea. Horren barruan beraien ekintza nagusia da lurrak okupatzea. Adierazi dudan bezala, aberastasuna oso kontzentratuta dago, eta oso pertsona gutxik dituzte lur eremu oso handiak. Orduan, lurrak okupatu egiten dituzte eta gero prozesu legal bat hasten dute, lurra legalki ere herriarentzako izan dadin. Izan ere, okupatu aurretik lur horiek duten erabilera ez da bidezkoa.
Anekdota bezala interesgarria iruditzen zait quilomboak zer diren argitzea. Quilomboak esklabo izandako pertsonak ihes egin ondoren bizi ziren eremuak ziren, eta bertara iristen ziren altxamenduak egin eta esklabotzatik ihes egiten zutenean. Beraz, duela denbora asko hasi ziren okupazioekin, eta gaur egun kasu batzuetan lortu dute lurrak ez egotea iraganeko jabe horien izenean, baizik eta haien izenean. Lurren okupazioa beraien ekintza izarra da, eta jada lur asko berreskuratu dituzte. Gero, lur horietan janaria modu agroekologikoan ekoizten dute, eta zuhaitzak landatzen dituzte. Interneteko mst.org.br orrialdera joanez topa ditzakezue zenbat zuhaitz landatu dituzten, eta zenbat eskola agroekologiko ireki dituzten.
Brasilen jende gehiena favelatan bizi da, eta askotan bizi baldintzak oso gogorrak dira. Estatua ez da iristen; ura edota zaborra kudeatzeko zerbitzuak ez dira iristen bertara, adibidez. Orduan, hiri masifikatuetan era oso miserable batean bizi diren pertsonak okupatu dituzten lurretan kanpalekuak egiten hasten dira.
Lehen urratsa kanpamenduak sortzea izaten da, eta horretan beraien artean elkartasun internazionalista dago, oso indartsua. Beraz, alde batetik, kanpora begira egiten dituzte brigada internazionalistak; baina, bestetik, Brasil barruan ere brigada asko antolatzen dituzte bi urtetik behin. Azken horien asmoa kanpamentu hauek egonkortzea da; ondoren, legalizazioa lortzen dutenean, bilakatzen duten asentatze gune. Hortik aurrera herriak sortzen hasten dira, bizi baldintza duinekin bizi ahal izateko.
Errepresioak eragin zuzena izan du hemen Euskal Herrian, eta hori oraindik ere existitzen da. Baina, zer egin daiteke hemen?
Euskal Herrian errepresio handia izan dugu. Beno, oraindik ere isun handiak daude gazteen kontra. Brasilen, tamalez, ez daude honetaz libre. MST mugimenduaz ari naiz, 2.000 hildako ditu bere bizkar gainean. Bertako kanpamentu batean ginelarik, handik ateratzea nahiko konplexua izan zen segurtasun neurriengatik; Jair Bolsonaro presidente ohiaren jarraitzaileek, Bolsonaristek, duela gutxi tirokatu zutelako han MSTko kide bat.
Beraientzako mistizismoaren eta espiritualismoaren sinbologia garrantzitsua da, eta haien fedea sozialismoa dela esaten dute. Esaldi hau uste dut Fidel Castrorena dela. Orduan, fede horren barruan artikulatzen dira, eta sinbologiak garrantzia handia dauka, esate baterako, MSTkoa zarela markatzea. Batzuek bisera kendu behar izaten dute ibili ahal izateko bizikletan. Gainera, poliziak ere begiz jota ditu, beste talde paramilitarrekin batera.
Edozein modutan, MSTk egiten duena hemen egin daiteke, eta egiten ari da jendea: elikagai osasuntsuak ekoiztu eta zuhaitzak landatu. Euskal Herrian horretan ari gara, eta hemen hango esperientzia pixka bat ezagututa, agian, indar gehiagorekin egiten jarraitu dezakegu.
Sinbolismotik ere haiengatik ikas dezakegu. Sozialismoa da beraien fede berria, eta hemen kontura gaitezke errituei ere zenbateko garrantzia ematen diegun. Urrian, Palestinaren aldeko elkarretaratze bat egon zen, eta niretzat mistikaz betetako elkarretaratze bat izan zen. Sirena hotsak entzun ziren, Leire Vargas gernikarrak idatzitako testu eder bat irakurri zen musikarekin batera… Oso hunkigarria izan zen. Horrelako errituak Euskal Herrian izan ditugula, oraindik baditugula, eta horiek berreskuratzea interesgarria dela iruditzen zait. Hori hona ekar dezakegu.
Hitzaldian aldare bat edo zure espazio berezi bat sortu zenuen. Zertarako?
Bai, hala sortu nuen bozeramaile sentitzen nintzelako. MST mugimenduaren transmisore bezala sentitu nintzen-eta Lakaxitako hartzaileekiko. Oso garrantzitsua da MSTren barruan komunikatzeko kode berriak topatzea, eta horren barruan sartzen dira poesia, marrazkiak, irudia, musika, elkarrekin mugimendu batzuk egitea, eta bestelako elementuak.
Brasil zeharkatu duzu. Zein ekintzatan parte hartu duzu?
Kanpaleku batean izan ginen, eta nahiko oinarrizko egoeran zegoen. MSTren beste sinboloetako bat badira hasierako txabola moduko batzuk, plastiko beltzarekin egiten direnak. Horiek lo egiteko lehenengo lekuak izaten dira, eta gero, gutxika joaten dira sortzen adobezko etxeak. Gu adobezko etxeen eraikuntzan izan ginen laguntzen. Oso polita izan zen nola elkarbizi ginen kanpin dendetan, eta beste guztiek –hamar lagun edo– denek gela berdinean egiten zuten lo lurrean.
Ez dut ahaztu nahi hirietan ere badagoela MST mugimendua, eta horietan hainbat ordezkaritza dituzte. Almazen do campo izenekoak dituzte, eta hemengo Iruñeko Katakrak proiektuarekin aldera daitezke horiek: liburutegia, MSTk sortzen dituen produktuen denda, edo festak egiteko lekua dituzte. Horiek ere bisitatu genituen, baina ez genuen lanik egin. Izugarria egin zitzaigun MSTn dagoen jendeak nola ematen duen bere bizitza MSTrentzako, Mugimenduak ematen dielako beraiei bizitza. Ez da borroka abstraktu bat, ideal batzuengatik; badaude idealak, baina badaude egunerokotasunean aurre egiteko indarra, baliabideak eta elkartasuna. Beraiekin ginenean horrelako banaketa batean ez egon arren, etengabeko barne lanketa batean izan ginen.
MSTrekin harremanetan jarraituko duzu?
Gustatuko litzaidake haiekin harremanetan jarraitzea, baina oraingoz ez daukagu plan itxirik. Hurrengo udan kongresu bat egingo dute Brasilian, 40. urteurrena ospatzeko. Gonbidapena dugu, baina ez dakigu joan ahalko garen.