Valentziaren aldeko elkartasun akordeak
Urtarrilaren 4an egingo dute Itxeki VLC Fest, Valentziako musikariei elkartasuna adierazteko jaialdia. Ohiko sarrerez gain, 0 lerroko sarrerak erosteko aukera ere dago.
Bihozkadak sentitzerakoan, horiei kasu egitea zaila izaten da askotan, «baina badira momentuak bizitzan ez direnak pentsatu behar», bota du gogoeta Ibai Garzon Psilocybeko kideak. Duela hilabete, 2025 urteko zenbait opor egun eskatu, eta Valentziarako bidea hartu zuen. Astebetez, bertan bizi den lagun min batekin, nahiko kaltetuta zeuden zenbait herrixketan laguntzen aritu zen: Massanassan, Albalen edo Catarrojan, esaterako. Egunero Land Roverra hartu, eta arropa biltegietara, janaria prestatzera, banatzera edota kaleak garbitzera irteten ziren.
Esperientzia gogorra bezain polita izan zela kontatu du Garzonek. «Eta ez gaizki ulertu. Ez da existitzen hitzik bertako esperientzia deskribatzen duenik. Momentuak dira: bat-batean oso indartsu sentitzen zara eta segidan pixka bat ahulago. Gero negarra datorkizu, ondoren irribarrea, eta gero berriz zaude indartsu, laguntzeko prest». Emozio horietatik guztietatik surfeatzen, norberaren barruan arrastoa uzten duen esperientzia horietako bat bizi izan zuela ziurtatu du, eta norbere burua hobeto ezagutzeko ere baliagarria izan zaiola.
Valentziatik itzuli zenean, oraindik guztiz asebeteta ez, eta beste zerbait egiteko beharra sentitu zuen Garzonek. Musikaria da, eta haren gertuko lagun askok eta askok guztia galdu zuten tanta hotzaren ondorioz: entsegu lokalak, musika tresnak, merchandaising-a… «Eta aseguruak ez zituen kalteak estaltzen». Beraz, zituen baliabideak erabiliz bertako musika taldeei laguntzeko elkartasun jaialdi bat egitea otu zitzaion, eta hala sortu zen Itxeki VLC Fest, talde valentziarrek musika egiteko ilusioa berreskuratu dezaten pentsaturiko jaialdia.
Itxeki VLC Fest
Telefonoa hartu eta egun gutxiren bueltan itxi zuen zazpi taldek osatutako kartel «rokeroa». Donostiatik Niña Coyote eta Chico Tornado, Mendarotik Munlet, Legazpitik John Dealer and The Coconuts, Psilocybetik Midnight sinners —taldeko abeslaria valentziarra da—, Valentziatik Licor de Fardacho eta Zhotal, eta oraindik iragarri ezin daitekeen talde bilbotar batek osatuko dute kartela. Aurreratu duenez, Euskal Herrian zein Espainian ere «nahiko potentea» den taldea da.
«Nahasketa polita geratu da, eta oso pozik sentitzen naiz, jendea laguntzeko prest dagoela sentitu dudalako». Psilocybe elkarteko bazkideak boluntario arituko dira txandak egiten, ahal izan duten musika talde guztiek baiezkoa eman zioten berehala, eta Larrea Janariak eta Txanpa Elkartekoek jaialdian parte hartuko duten lagunentzako bazkari eta afari goxo bat prestatuko dute. Gainera, herri zozketa bat prestatu dute eta bertako elkarte eta denda ugariren laguntza jaso dute opari saskia osatzeko.
Bildutako diru guztiaren onuradunak zehazki zeintzuk izango diren ez badakite ere, dirua Valentzian sortu den lantalde bati bideratuko diotela azaldu du. Denboralearen harira sortutako talde bat da, eta haiek dira komunitatera iristen den diru guztiaren kudeaketa egiten dutenak, talde guztien artean ahalik eta justuen banatzeko. Dena den, jaialdiaren balorazioa egiterakoan laguntza zein musika taldek jaso duen ezagutaraziko dutela baieztatu du Psilocybeko kideak.
Sarrerak musikaze.net webgunearen bitartez eros daitezke soilik. Sarrera orokorra 20 eurokoa da, baina badago 0 lerroko sarrera erosteko aukera ere. Aretoak bere mugak ditu, eta beraz, bertaratu ezin, baina bere aletxoa jarri nahi duen orok izango du aukera. 0 lerroaren sarrerak 10 euroko kostua izango du. «Gau polita bezain emotiboa izango da, ziur».