Eguberrietan euskal presoak, 'hator, hator etxera'
Bi elkarretaratze deitu ditu Eguberrietarako Irungo Sarek. Gainera, urteroko brindisa ere egingo da hilaren 31n.
Irungo Sarek Eguberrietan ere euskal presoen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko deia egin du. Bide horretan, hilaren 24an elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, 19:00etan. Hilabeteko azken ostiralean ere (hilak 27) bilduko dira, baina kasu honetan, Zabaltza plazan, 20:00etan.
Urtero lez, brindisa egingo da hilaren 31n Urdanibia plazan euskal preso eta iheslarien alde. Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta Sarek urteko balantzea eta irakurketa egingo du.
Azkenik, hilaren 11n Bilbon Sarek deitutako nazio manifestaziora joateko deia egin du. Salbuespen politikak “behin betiko” bukatzea eskatuko da eta gaur egungo gazteak gatazka hau bizitzen azkenak izan daitezela. “Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza” eskatuko dituzte. Bilboko La Casillatik irtengo dira manifestariak, 17:00etan.