Bidasoa Palestinarekin kamisetak, udalaren zentsura salatzeko
Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak kamisetak atera ditu udalak auzoan Palestinaren aldeko mural bat egitea zentsuratu ondoren.
Urrian jakinarazi zuen Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak Irungo Udalak debekatu egin diela auzoan Palestinari elkartasuna adierazko mural bat egitea. Izan ere, udalbatzan onartuta dago– PSE-EE, EAJ eta PPren babesarekin–Palestina eta Israelen arteko auzian hirian ez dutela posizionamendurik onartuko eta “bakea” irudikatuko dela soilik.
Auzo elkarteak udalaren zentsura salatu du eta horri erantzuteko kamiseta batzuk atera dituzte. Dena den, udalaren zentsuraren nondik norakoak berriro gogoratu nahi izan dituzte eta salatu dute udalak argudiatu izana hiriko hormak “publikoak” direla “zentsura politikoa” aplikatzeko. Auzo elkartearentzat mural hau egitea ez da udalaren ekimen bat, “auzo elkarte batek eta Irun Palestinarekin ekimenak egindakoa baizik”.
Murala egitearen debekuarekin PSE-EE haien irizpidea inposatzen ari dela salatu dute eta horma publikoetan zer egin udalaren eskumena izatea harriduraz eta haserrez hartu dute: “Nola!? Aldi baterako dagoen udal gobernuarena dela irundarron ondare den espazio publikoa!?. Gauza bat da kudeaketaren ardura izatea, bestea ondare propio bezala ulertu eta nahieran erabiltzea”. Erabilpen ideologizatua egitea deitoratu diote udal gobernuari.
Lehenbizi, idatziz izan zuten debekuaren berri, baina, gerora aurrez aurre bildu ziren udal ordezkariekin. Bilera horretatik “lur jota, amorratuta eta arduratuta” irten zirela deitoratu dute: “Telebistan ikusten dugun elkartasunaren kontrako zentsura, nola Frantzian ala Alemanian ere, Irunen ere funtzionatzen du. bere moduan, noski, baina oso forma hertsatzailean: pentsa, auzo bateko mural xume bat debekatzeraino”.
Kamisetak
Kamisetaren irudia, Larreaundin egin behar zuten muralerako diseinatua izan zen, baina debekuaren ondoren kamisetako irudi izatea erabaki dute. Kamiseta jantziz, Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko modu bat eskaini nahi izan dute, baita lan solidarioa egiten ari diren elkarteak lagundu ere.
Halaber, kamiseta janzten den aldioro Irungo Udalak “diseinuari jarritako mozala zulatuko duzu”, azaldu dute. “Paretan geldo dagoena, hara eta hona ibiliko baita zurekin”.
Kamisetaren prezioa 15 eurokoa da eta erosteko erreserba egin behar da 653 862 445 telefonora Ainhoari idatzita. “Udalak du elkartasuna galarazi, zuk ordea harro duzu jantzi!”.
Kontraesanak
Udalak Palestinaren aldeko aldarri publikoak debekatzeko eta “bakea irudikatzeko” mozioa onartu badu ere, kontraesanak eduki dituzte, adibidez, Emakumeen Etxean udalak programatutako saio batean.
Izan ere, udaleko Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako Zerbitzuaren ekimenez, pasa den astean Condenadas en Gaza dokumentala proiektatu zen Emakumeen Etxean. Lan honetan, Gazan bizi diren eta minbizia pairatzen duten emakumeen tratamendua jasotzeko dituzten zailtasunak kontatzen dira.
Zailtasun horiek Israelen zapalkuntzaren ondorio dira eta dokumentalak palestinarren oinarrizko eskubideen urraketa salatzen du, besteak beste tratamendua jasotzeko eskubidea. Halaber, lan honek Gazako gizartearen barruan jasaten duten diskriminazioa nabarmentzen du. Beraz, dokumental honen proiekzioak posizionamendu politiko garbi bat adierazten du: Israelek Palestinako herria zapaltzen du.
Halaber, erakusketa bat egon da ikusgai Emakumeen etxean eta “Israelen okupazioa” aitortu egiten da, “gizartearen esparru ezberdinetan (baliabide naturalak eskuratzearen arloan, mugikortasunean, herritarren parte-hartzean, bizi- baldintzetan, emakume palestinarren egoera berariazkoan) izan dituen ondorioen inguruan”.