Txinzerrek 39.317.160 euroko aurrekontua onartu du
Inbertsio eta berrikuntzetara bideratuko dute nagusiki 2025erako aurrekontua. Bestalde, Txinzerren tarifak ordaintzeko laguntzak jada eska daitezkeela gogoratu dute.
Txinzerren gaur egindako batzarrean 2025erako aurrekontua onartu dute eta hamabost egunez jendearen eskura jarri dute. Aurrekontu hau uraren ziklo integralera, hondakinen ziklo integralera eta kale garbiketarako zerbitzuen kostuetara bideratuko da.
Era berean, Aurreikusitako Emaitzen Kontuak aurkeztu dituzte, onartutako tarifa sistemaren araberakoa, 2024ko ekitaldiaren itxieraren zenbatespenarekin alderatuta. Zenbatespen horiek egiteko, kontuan hartu dute egungo inflazio ekonomikoa diru sarreratan eta honek gastuetan izan dezakeen eragina. Halaber, 2025ean izan dezakeen bilakaera izan dute presente.
Aurrekontua 39.317.160 eurokoa da guztira. Uraren ziklo integralera, 18.265.600 euro bideratuko dituzte; hondakinen kudeaketara, 14.432.900 euro; eta kale garbiketara 6.618.660 euro.
Inbertsio nagusiak
Uraren ziklo integraleko aurrekontua idazterakoan, kontutan hartu dute etxeko kontsumoaren igoera txikia, baita etxekoa ez den kontsumoaren jaitsiera ere. Aurrekontu hau iazkoaren konparatuta %9 handitu da, eta 2025erako inbertsioak %12,5 handitzea aurreikusi dute. Inbertsio horiek 8.655.893 eurokoak izango dira, hain zuzen. Uraren tarifa %5 igoko da, 2024arekin alderatuta.
Arestian aipatu bezala, uraren ziklo integralean egingo da inbertsio nagusietako bat. Ildo horretan, Endarako urtegiko etxola berrituko dute, eta ur hornidurari begira, Errandoneako ur biltegia berreraikitzeko obrekin jarraituko dute.
Banaketa sarean ere inbertituko dute eta Errandoneako depositutik Hondarribiko erdigunera arteko sarea hobetzeko lanekin segituko dute. Bestalde, edateko uraren sareak berrituko dituzte Irungo Eguzkitzalden eta Pikoketan, baita Hondarribiko Santiago kalean eta Arrantzale auzoan ere.
Saneamendu sareak dauden kalean berrurbanizatzeaz gain, sare horiek berritu eta sistema bereizleak jarriko dituzte. Azaldu dute ere uraren kalitatea neurtzeko eta kolektoreak birgaitzeko ekipoak erosiko dituztela, Uramuga mugaz gaindiko proiektuaren barruan eta Poctefa Interreg diru laguntzari esker. Horrez gain, Atalerrekako araztegiaren tratamendu instalazioak handitu eta hobetzeko proiektua idazten hasiko dira.
Hiri drainaduraren bueltan, hustubideen eta isurketen ekipamendua ezarriko dute. Uren Sektorea Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoari dagokionez, berriz, Txingudi Data Drive Bay digitalizazio proiektuaren jardueretarako inbertsioak egingo dituzte. Bestelako inbertsio batzuk ere aurreikusi dituzte.
Ur araztegiko eta ponpaketa estazioetako ekipamenduak berritzen jarraituko dute re, eta HUAn autokontsumorako eguzki plaka berriak instalatuko dituzte.
Hondakinen kudeaketa eta kale garbiketako abonatuen tarifak %12 igoko dira; bilketa selektiboan parte hartzen duten etxebizitzetan, aldiz, %5ekoa izango da igoera. Aurreikusitako gastu arrunta 13.367.860 eurokoa izango da, eta inbertsioak 1.400.345 eurokoak.
2025ean, Irun eta Hondarribiko kale-garbiketako aurrekontua 6.618.660 eurokoa izango da, eta indarrean dagoen sektoreko hitzarmenarekin eguneratutako zerbitzu-kontratua berritzearen eragina islatzen du. Zehazki, Irunera 5.226.940 euro bideratuko da; eta Hondarribira 1.391.720 euro.
Hitzarmen hori 2025eko otsailean sartuko da indarrean. Kontratu berriak zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeaz gain, hobekuntza garrantzitsuak ere ekarriko ditu, jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren arloko egungo erronkei erantzuteko. Teknologia aurreratuen integrazioak zerbitzuen antolaketa eta kontrola optimizatzea ahalbidetuko du, “gardentasun handiagoa” eskainiz eta eguneroko kudeaketaren eraginkortasuna hobetuz. Zerbitzu bakoitzak kudeaketa-terminalak izango ditu, eta horrek denbora errealeko jarraipena egitea erraztuko du, erantzuteko gaitasuna eta erabakiak hartzea hobetuz.
Hondakinen kudeaketa eta kale garbiketan 1.400.35 euroko inbertsioa egiteko Eusko Jaurlaritzak lagunduko du, 217.350 euroko inbertsioarekin, aurreko ekitaldietako 568.858 euroko soberakinarekin, eta 2025eko 614.137 euroko baliabide propioekin.
Inbertsio horiekin ibilgailu berriak erosiko dituzte: hondakinak aurrez biltzeko hiru; atzeko kargako bat; edukiontziak garbitzeko bat, eta ohiko erabilerarako bi. Halaber, materia organikoko edukiontziak eta sarraila berriak jartzen bukatuko dute, eta poltsa konpostagarriak eskuratzeko makina gehiago, minipuntu garbiak eta hainbat inbertsio informatiko egitea aurreikusi dute.
Gizarte laguntzak
Indarrean daudela kalteberatasun-egoeran dauden familientzako laguntzak gogoratu du Txinzerrek ere. Laguntza hauek uraren eta zaborren ordainagiriaren % 50etik salbuesten ditu, eta batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei zuzenduta dago.
Gainera, laguntza jasotzeko ezinbestekoa da edukiontzi marroiaren edo autokonpostaje-sistemaren kanpainan alta emanda egotea, eta hala izan ezean, laguntza eskaera egin aurretik egin ahal izango dute. Bestalde, uraren kontsumo jasangarria egin beharko dute laguntza jasotzeko, hau da, biztanleko eta eguneko 120 litro baino gehiago ez kontsumitzea.
Era berean, Txinzerrek Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Ordenantza berria onartu du, gaur egun bereiztearen eta birziklatzearen arloan dauden beharretara eta eskakizunetara egokitzeko. Ordenantza berriak ondorengo helburuak orrialde honetan irakur daitezke.