Aurrekontuetarako "ausardia eta determinazioa" eskatu ditu EH Bilduk
Udal gobernuarekin akordio bat erdiesteko prest dago EH Bildu eta "garaiz onartzea" ezinbestekotzat jo dute. Aurrekontuak "egiturazko aldaketak" egiteko baliatu nahi dituzte.
Ostegun honetan egingo den osoko bilkuran bozkatuko dituzte udal aurrekontuak eta EH Bilduk adierazi du prest dagoela “herritarren bizitzak hobetuko dituen adostasun batera iristeko”. Guztira hamabost zuzenketa aurkeztu ditu koalizio subiranistak.
PSE-EEk gobernatutako udal gobernuak akordioak behar dituela udal aurrekontuak onartzeko gogoratu dute, eta aurrekontu hauek “garaiz onartzea ezinbestekoa” dela azaldu dute, Irunek dituen beharrei erantzuteko. Hartara, akordio beharra berretsi dute eta hori lortzeko bidean “ausardia eta determinazioa” eskatu diote udal gobernuari.
Aurrekontuek Irun hobetzeko aukera ematen dute eta EH Bilduk aurrekontu hauek baliatu nahi ditu koalizioaren proiektuaren hiri eredua ikusarazteko. Halaber, egiturazko aldaketak planteatzeko aukera dela uste dute: “esaterako, etxebizitza udal politiken erdigunean jartzea bilatu dugu”.
Udal gobernuaren norabidea ezagutzeko balio dutela aurrekontuek erantsi dute, eta aurrekontu horiek lortzeko akordioek “hiri eredu zehatz” bat irudikatuko dutela uste dute. “Gu prest gaude etorkizuneko Irunen aldeko adostasunera iristeko, baina horretarako PSE-EEk determinazio handiagoa erakutsi beharko du”, bukatu dute.