Olentzero eta Mari Domingi Irunera bidean dira
Urdanibia Berrira hilaren 15ean iritsiko dira, eta Meakara, berriz, hilaren 23an.
Bi aste bakarrik ez dira geratzen ondo portatu diren haurren etxeetatik Mari Domingi eta Olentzero pasa daitezen. Aurretik¡, baina, haurrek haien gutunak emateko gerturatuko dira, eta halaber, haurrek azken aukera izango dute opariak merezi dituztela defendatzeko.
Irun erdiguneko etorrera hilaren 23an izango da eta Zubiaurre plazatik San Juan Harria plazara joango dira. Tarte horretan, Geltoki kaletik, Kolon pasealekutik, Luis Mariano plazatik, Foruen karrikatik eta Karrika Nagusitik pasako dira, 17:00etan. Ondoren, 18:00etatik 21:00etara, gutunak jasotzen egongo dira San Juan plazan.
Auzo elkarte ezberdinetara ere gerturatuko dira eta lehenik Urdanibia Berri auzoko Uztarri Ona Auzo Elkartean izango dira, hilaren 15ean. Egun osoan zehar Eguberrietako merkatua egingo da bertan eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte.
Hala, 12 urte arteko haurrentzako Gabonetako postalen lehiaketa antolatu dute eta izena eman behar da mezu bat bidalita. Ondoren, dantza saioa eskainiko du Eraiki Dantza Taldeak, 12:30ean. Ordu berean glutenik gabeko txistorra jatea egingo da, eta arratsaldean, 17:30ean, txokolatada egingo da, glutenik gabekoa ere. Azkenik, Olentzeroren bila joango dira 18:00etan.
- Meaka Auzo Elkarteak ere aurreratu du bertara hilaren 23an iritsiko direla Mari Domingi eta Olentzero. Bertan, gutunak jasoko dituzte biek ala biek. Ordutegia aurrerago iragarriko dute.
- Katean, bihar auzo elkartearen liburutegia atontzen arituko dira. Ondoren, hilaren 17an, Olentzero eta Mari Domingiri eskutitzak idazteko elkartuko dira. Oraindik ez dute iragarri noiz iritsiko diren Kateara Mari Domingik eta Olentzerok.