Garaipen esanguratsua Biok Txingudirentzat
Ligako sei talde onenen artean sailkatu da Plaiaundiko taldea, eta Euskadiko Txapelketarako pasea lortu dute.
Elorrio-Urgozo taldearen aurka jokatu dute pasa den asteburuan Biok Txingudikoek eta garaipena dastatu dute (10-5)- Zelai lokaztuan aritu behar izan ziren eta horrek partida ohikoa baino gogorragoa izatea eragin zien bi taldeei. Horrez gainera, haizea izan zuten aurkari ere.
Markagailuan ez zen mugimendurik egon eta lehen zatian bizkaitarrak aritu ziren nagusitasunez. Hortaz, etxekoak haien zelaia defendatzen egon behar izan zuten eta hamalaugarren minutuan Elorriokoak aurrea hartzeko zorian zaudela, baloiak ez zuen entsegu eremua guztiz ukitu eta ondorioz hutsean jarraitu zuen markagailuak.
Bigarren zatian, haizea alde izan zuten eta melean lortu zuten nagusitasuna baliatuz. Biok Txingudi metroak irabazten joan zen eta aurkariaren zelaian saria eskuratu zuten. 44. minutuan, Enara Arrutik aurrelariekin jokatutako zigor kolpe batean, Alazne Maciciorrek defentsa atzera botatzea lortu zuen, Sandra Ramosek bigarren kolpea eman zuen Maren Santa Cruzek hirugarren eta azken barneraldia egin zezan, entsegu-eremuraino falta ziren azkeneko metroak lortuz (5-0).
Nekeak eta zelaiaren egoera kaxkarrak akats gehiago izan zitezen eragin zuen, baina jokoa gero eta dinamikoagoa zen bi taldeek puntuak nahi eta ez behar baitzituzten. 75. minutuan, etxekoen defentsaren akats bat baliatuz, Elorrio/Urgozok metroak irabazi zituen hagen aurreraino iristea lortuz. Hurrengo fasetan, entsegu-marra gurutzatzea lortu zuten markagailua berdinduz (5-5). Berdinketarekin, sailkapena bizkaitarrentzat zen, hortaz, Txingudiko jokalariek dena eman zuten erasoan abantaila berreskuratzeko.
Elorrio-Urgozok baloia izan zuen azkeneko minutuetan baina, azkeneko uneetan, zigor kolpe bat egin zuten, Alba Saizek eskura azkar atera zuen eta Enara Arrutik defentsa jokoz kanpo zegoela probestu zuen bigarren marka lortzeko (10-5). Garaipenarekin, Biok Txingudi ligako sei talderik onenen artean kokatu da eta Euskadiko Txapelketan arituko da datorren asteburutik aurrera.
Hasierako hamabostekoan Saioa Gartzia, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Haizea Rodriguez, Camille Buros, Sandra Ramos, Lohitzun Aia, Miren Fernandez (kapitaina), Enara Arruti, Alba Saiz, Laida Rodriguez, Naroa de la Fuente, Garazi Santos, Jessica Gomez eta Uxune Aranburu aritu ziren. Maddalen Alberdi, Lucia Duran, Maddi Garmendia, Gaxi Famoso, Zumendi Caro, Lur Gaston, Ane Novo eta Irati Beraizek ere jokatu zuten. Epailea Julien Le Gall izan zen.
Gazteek, garaipenak ere
Txingudiko 16 eta 18 urtez azpiko taldeek larunbatean Iruñean jokatu zuten La Unicaren aurka. Bi taldeek garaipen oso landuak lortu zituzten bigarren faseko lehenengo jardunaldian.
Txingudi-Baztan 16 urtez azpiko taldeak 24 eta 48 irabazi zuen markagailuak antzematen duena baino berdinduagoa egon zen partidan. Atsedenaldira 24 eta 19 galtzen iritsi ziren eta bigarren zatian emaitza iraultzea lortu zuten.
Gabiria Txingudi-Bera Bera-Baztan 18 urtez azpikoak, aldiz, 26 eta 31 garaitu zuen La Unica. Gazteenen antzera, galtzen hasi ziren eta markagailua irauli behar izan zuten bigarren zatian.