'Condenadas en Gaza' proiektatuko dute Emakumeen Etxean
Minbizia pairatzen duten bost emakumek tratamendua jasotzeko dituzten trabak ditu hizpide dokumentalak. Hilaren 11n (asteazkena) proiektatuko da.
Gazan bizi diren eta minbizia pairatzen duten bost emakumek tratamendua jasotzeko dituzten zailtasunen istorioak eramango dute Emakumeen Etxera hilaren 11n, Condenadas en Gaza dokumentala eskainiko baitute, 18:30ean.
Ana Alba eta Beatriz Lekunberri kazetarien lana da, Jerusalemen hainbat urtez bizitakoak; obra hau egiteko tokiko ikus-entzunezko ekoiztetxe baten laguntza jaso dute. Lan honen helburua, “israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren alde ezezagun bat deskribatzea, haien historia inoiz kontatu ez duten emakume horiei espazioa ematea, haien oinarrizko eskubideen urraketa salatzea–besteak beste tratamendua jasotzeko eskubidea– eta Gazako gizartearen barruan jasaten duten diskriminazioa nabarmentzea” dira.
Behin proiekzioa bukatuta, solasaldia egingo dute Lekunberrirekin batera. Sarrera doakoa da.
Palestinako erakusketa historikoa
Bihartik hilaren 16ra, Palestinak 1948. urtetik bizi duen kolonizazioa erakusten duen erakusketa egongo da ikusgai Emakumeen Etxean. Guztira sei totem bertikal jarri dituzte eta Isralen okupazioak bertako gizartearen esparru ezberdinetan izan dituen ondorioak ikusi ahalko dira, hala nola, baliabide naturalak kontrolatzea, mugikortasuna, herritarren parte hartzea, bizi baldintzen okertzea eta emakume palestinarren egoera.