«Euskararen alde lan egiteko borondatea dago herrian»
Hondarribiko Euskal Azokaren egitaraua osatzeko udaleko hainbat sailen laguntza izateaz gain, Blagan elkarteakin lankidetzan aritu da udala. Urte bukaerarako prestatzen ari ziren zenbait aurkezpen azokan bertan txertatu dituzte.
Nola bizi izan duzue azoka biziberritzeko prozesua? Eta zertan ezarri nahi izan duzue fokua?
Azokaren biziberritzea udalaren ideia izan da, beharra zegoen, eta guri zehazki, bertan txertatzeko proposamenik bagenuen galdegin zigun Garoa Lekuonak. Gure aldetik zenbait liburu aurkezpen antolatzen genbiltzan eta azokan txertatzeko ahalegina egin genuen. Urtzi Urkizurekin eta Gorka Bereziartuarekin hizketan genbiltzan eta ideia ona iruditu zitzaien.
Polita izango da, gainera, azokari begira eta eguraldi ona egiten badu, Gorka eta Adurren [Larrea] liburua aurkeztu baino lehen –Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira liburua–, egingo dugun kalejira txikia Hondarribiko Izugarria konpartsarekin.
Aurten izena aldatu du azokak, eta horri erreferentzia eginez, zergatik uste duzu dela garrantzitsua euskal kulturari herrian txoko bat egitea?
Ondo dagoela iruditzen zait, egun batzuetan bada ere euskal sorkuntzaren adiera ezberdinak leku batean kontzentratzea, azokan bertan eta kanpo ere. Urte osoan zehar programatzen dira euskarazko jarduerak, baina azokaren barruan antolatzeak bestelako jarraitutasuna ematen dio.
Zein jarduera antolatu dituzue aurten?
Sentsibilizazio taldeak Korrika edo Euskaraldia bezalako egitasmoekin lotura zuzena du, eta horien barruan hainbat ekintza antolatzen ditugu. Baina aurten Korrika Irunen hasten zenez herrian ez genuen gehiegi egin. Kultur ekitaldiei dagokienez, Mikel Peruarenaren Su zelaiak liburuaren aurkezpena antolatu genuen, eta duela egun batzuk Jaime Altuna elkartekideak egindako gazteen euskararen erabileraren inguruko tesiaren aurkezpen solasaldia egin genuen. Eta aurten, hirugarrenez, Gau Beltzaren harira mikroipuin lehiaketa antolatu dugu.
Nola ikusten duzue euskararen egoera herrian?
Erabilera asko jaitsi da, baina uste dut kontzientzia hartze bat egon dela. Aurreko agintariek uste zuten ia erremediorik ez zuen egoera bat zela, baina orain badago zerbait egin daitekeenaren kontzientzia. Horren adierazle da udalak aktibatu duen Euskara Plan berriaren harira sortu den Euskara Kontseilua. Lan egiteko borondatea dago, baita herriko eragileen artean ere.