Plaiaundiko ikasleek lan solidario itzela egin dute
Balio solidarioak lantzeko ekimenez, zazpi erakunde solidarioentzako bilketak egin dituzte hogei eta zazpi ikaslek.
Plaiaundi ikastetxeko Garraio eta Logistikako Goi Mailako, eta Erdi Mailako Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko hogei eta zazpi ikaslek lan solidario handia egin dute. Lau egunez, bost elkarte, fundazio, sare eta GKEri laguntzen aritu dira. Ekimen honen bosgarren urtea izan da aurtengoa.
Horretarako, haien ikasgelara Gipuzkoako hainbat GKE joan ziren eta haien lana azaldu eta sentsibilizazio lanak egin zituzten. Ondoren, ikasleek, taldeka, zein elkarterekin kolaboratu nahi zuten erabaki zuten eta honako hauekin kolaboratu dute: Zaporeak, Elikadura bankua, Kaleko Afari Solidarioak (KAS), Haurralde Fundazioa eta Irungo Harrera Sarea (Irun). Hurrenez hurren, ordezkari bana joan da: Helena Ruiz; Belen Mendez; Agus Rodriguez; Eider de la Torre; eta Oihana Galardi.
Gaurko eguna lan horren berri ematekoa izan da eta ikastetxeko areto nagusian elkartu dira ehun bat ikasle. Ikasle talde bakoitzak egindako lana azaldu dute eta denek ala denek lau egun eduki dituzte bildu beharreko materiala edota jakiak lortzeko. Horretako, talde bakoitzak enpresa ezberdinekin kolaboratu du, eta denek Plaiaundi ikastetxearen diru kopuru bat izan du kudeaketarako.
Lan honi esker balio batzuk gerturatzen direla institutura azaldu du Josune Urrosolo irakasleak eta azaldu du ikastetxea ahaleginetan dabilela formazioaz gain garapenari beharrezko garrantzia ematea. Eskerrak eman dizkie elkarteei solidaritatean murgiltzeko aukera emateagatik. Maialen Lopez ikastetxeko zuzendariak eta berretsi egin du balioen gainean egiten duten lana.”Gaurko egunez erakusten dugu hori ere egin dezakegula. Ikasleek erakutsi dute ikasgeletatik kanpora eraman dezaketela lana. Esfortzuarekin eta enpatiarekin lortu duzue”.
Haurralde Fundazioarentzat liburuak eta jostailuak jaso dituzte; guztira 57 kutxa eta 1.003 unitate bildu dituzte, zehazki 532 jostailu eta 471 liburu. Bilketa hau Kili Kolo; Egiluze ikastetxea; Bidasoa Goi Mailako Zentroa; Dunboa ikastetxea; El Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa; Txingudi ikastetxea; eta Toki Alai ikastetxeak ahalbidetu dute.
Irungo Harrera Sarerentzat arropa biltzen aritu dira. Hain zuzen, berokiak, galtzak, oinetakoak, kamisetak, lotarako zakuak, motxilak eta mantak jaso dituzte. Hamalau kutxa osatu dituzte eta horretarako kutxa handi bat jarri zuten Plaiaundin bertan. Azkenik, Kale Nagusiko IHSren arropategira eraman zuten bildutakoa.
Elikadura bankurako janari bilketa bat egin dute ikasleek eta nagusiki kontserbak, pasta eta lekaleak jaso dituzte. Guztira, 675 kilogramo bildu dituztela azaldu du Elikadura Bankuko ordezkariak eta nabarmendu egin du gazteen solidario izateko esfortzua. Gipuzkoan 20.000 pertsonek dutela janari beharra azaldu du ordezkariak eta eskerrak eman dizkie ikasleei. “Gazteak ez direla larritzen esaten du mitoak baina hementxe zaudete zuek kontrakoa erakusteko” gaineratu du.
Donostiako Kaleko Afari Solidarioarentzat plastikozko mahai tresnen hamalau unitate bildu dituzte, eta hotzarentzako mantak, berokiak eta galtza luzeak ere jaso dituzte. Bederatzi elikadura kutxa ere eskatu eta lortu dituzte ikasle hauek, eta horretarako Tahona, Eroski eta Trans Natur enpresekin aritu dira elkarlanean. KASek egunero 250 afari banatzen ditu Donostiako auzoetan eta negurako arropa eskatzen hasi direnez hori banatzen ere ari direla azaldu du ordezkariak.
Azkenik, Zaporeak elkartearentzat elikagai ez-galkorren 31 kutxa bete dituzte eta orotara 560 elikagai bildu dituzte. Helburu hori lortzeko Hondarribiko Eroski; BM supermerkatuekin; SEPErekin eta Pasaiako Garraio Kooperatibarekin aritu dira elkarlanean. Jendea uste baino solidarioagoa dela azaldu du bilketa honetan ibili den ikasle taldeak.